512 ondasun jabeek oraindik ez dute ordaindu higiezinezko ondasunen gaineko zerga

2019/06/27
Card image cap
Epea uztailaren 10era luzatu dela jakinaraziz gutunak bidaliko zaizkie gaur-bihar bitarte

  Herritar gehienek higiezinezko ondasunen gaineko zergaren ordainketa  kutxa edo banketxeen bitartez helbideratuta duten arren, horietako zenbait itzuli egin dira eta gainera, helbideratu gabeko asko kobratzeke daude oraindik. 512 errezibo ordaindu gabe zeuden gaur goizean. Gehienak, 429 hiri lurretan dauden ondasunei dagozkionak dira, contribución urbana moduan ezagutzen zena eta 83, landa lur ondasun moduan kalifikatutakoei dagozkie. Ofizialki, uztailaren 1ean amaitzekoa zen zerga hau ordaintzeko borondatezko epea. Baina udalak epea luzatzeko ohitura du eta aurten ere hala egingo da. Higiezinezko ondasunen gaineko zerga ordaintzeko epea uztailaren 10era arte luzatzea erabaki da. 

  Ordaintzeko dauden 512 errezibo horien titularrei gutun bidez jakinaraziko zaie luzapenaren berri. Bide batez, helbideratze-inprimakia ere bidaliko zaie ordainketa hau, eta ondorengoak, aurrezki kutxa edo banketxearen bidez bideratu nahi badute. Hala bada, inprimakia bete eta udaletxeko HAZ bulegoan entregatu beharko da. Gutunak gaur-bihar artean bidaliko dira.

  Ordaintzeke dauden 512 erreziboak maiatzaren 15ean  bideratu ziren guztien % 4,6 dira. Baina errezibo horien ordainketatik jasotzea aurre ikusten den kopuruaren portzentajea handiagoa da. Horrek esanahi du, ordaintzeko falta diren horietako batzuek tasa handia dutela. Enpresak izan ohi dira ordainketa handia egin behar izaten dutenak eta jakinekoa da, hauek azken egunetara itxaroten dutela ordaintzeko. Oraindik dagokion zerga ordaindu ez duen ondasun baten jabe orok, izan enpresari izan herritar partikular, uztailaren  10era arteko epe luzatua du zorra kitatzeko. Epe hori beteta erreziboek, % 5aren zigorra edo ordainketa gehigarria izango dute.

  Errekargoa aplikatuta edo errekargorik gabe, kontua da, udalak aurten higiezinezko ondasunen gaineko zergari dagozkion 11.111 errezibo bideratu zituela. Etxe, lokal edo terreno baten jabe den orok ordaindu behar du udalaren kontribuziñoa.  9.697 ordainagiri  contribución urbana deritzon zergari dagozkio eta 1414, rusticari . Udalak, higiezinezko ondasunen gain aplikatzen den zerga honetatik aurten ia bi milioi eta 360 mila euro jasoko ditu. Iaz baino kasik 18.500 euro gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!