500.000 euroko diru poltsa gorde du Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko

2020/04/23
Card image cap
Eusko Jaurlaritzaren laguntzak osatzeko diru erreserba da

  COVID-19ak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduetan eragindako kalteak leuntzeko asmoz 500.000 euroko poltsa sortu du Udalak. Konfinamendu neurrien ondorioz jarduera eten behar izan dutenei zuzenduta dago diru erreserba hori, beti ere, hamar langile baino gutxiago izan eta hirugarren sektorean diharduten enpresa txiki edo negozio badira.

  Berez Eusko Jaurlaritzaren eskumena da merkatari, ostalari eta zerbitzu alorreko enpresa txikiei laguntzak eskaintzea. Baina Gasteizko erakundearen laguntzak noiz etorriko zain egon gabe, aipatu sektoreko herriko profesionalei laguntzeko diru poltsa gordetzea erabaki du Udalak. Eusko Jaurlaritzak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduak laguntzeko behar moduko neurririk hartzen ez duela ikusita, iniziatiba hartu eta horiendako laguntzak bermatzeko diru poltsa sortu dutela argitu du Izaro Elorza alkateak.Gasteiztik laguntzarik ez baletor, edo, etorritakoa nahikoa ez balitz, herritarren laguntzak ziurtatzeko poltsa eratu du udalak.

  Udalaren laguntzak sei arlo bilduko lituzke, printzipioz, eta bakoitzerako gordetako diru kopurua, hiru hilabeteko itxialdi aurreikuspena egin da zehaztu da. Argiaren faktura ordaintzen laguntzeko 68.000 euro gorde dira; uraren faktura ordaintzen laguntzeko, 29.000 euro; zabor tasak ordaintzeko, 25.000 euro; bestelako gastu finkoei aurre egiten laguntzeko, 220.000 euro; erosketa bonuen sistema indartzeko partida 150.000 eurotara jaso da eta behin lokalak irekitakoan, herriko komertzioen aldeko sentsibilizazio kanpaina abiarazteko beste 8.000 euro gorde dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!