Oñatiko udala

5 hilabetez hazten joan ondoren langabeziak behera egin du Oñatin apirila akaberan.

2012/05/14
Hilabete lehenago baino 11 langabetu gutxiago erregistratu ziren.

  Iazko azaroan irauli zen Oñatiko langabezia joera. Langabetuen kopurua apurka baina jaisten joan zen kasik urte osoan baina azaroan joera irauli eta hazten hasi zen eta hala errepikatu da martxo akaberara arte. Aipagarria da gainera, Gabonetako eskaera bereziei aurre egin ahal izateko egin ziren aldi baterako lan kontratuak amaituta, herriko langabetuen kopuruak bereziki gora egin zuela urtarrilean. Eta hala, urtarrilaz geroztik, langabezia tasa %8az goitik dabil. Baina apirilean, apur bat, pare bat hamarren egin du behera tasa horrek. Une honetan, %8,37 da Oñatiko langabezia tasa hori.

  Baina pertsonei erreparatu diezaiegun: apirila akaberan, Oñatiko 447 lagunen izenak zituzten Lanbideko zerrendan, hau da, martxo amaieran baino 11 gutxiago. Aipatu behar da, langabeziaren jaitsiera hori emakumezkoen artean gertatu dela.

  Lana topatu ezinean dauden gizonezkoen kopuruak gora egin duen bitartean, emakumezkoenak behera egin baitu. Hala, apirilean, martxoan baino gizon langabetu bat gehiago zegoen Oñatin eta emakumeak berriz, 12 gutxiago.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuz gero ordea, egoera nabarmen okerragoa da gaur egun. Iazko apirilean baino 76 langabetu gehiago daudelako herrian. Horrek, portzentajetan ere eragina du. Iazko garai honetako langabezia tasa, orain baino puntu eta erdi bajuagoa baitzen.

  Baina garrantzitsua da, azaroan hasitako goranzko joera gutxienik irauli dela. Ikusi egin behar, aurrerantzean ere, joera horrek jarraipenik ote duen.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!