438 langabe zenbatu dira maiatzean Oñatin, aurreko hilean baino 33 gehiago

2020/06/02
Gehienak, zerbitzuen arloan aritutakoak dira

  Maiatzean langabezia murriztu egin ohi da gurean, baina joera ez da bete aurten eta alarma egoera hasi zenetik aipatzen ari garen enplegu galerak jarraipena izan du. Maiatza amaieran 438 langabe zenbatu ziren Oñatin, apirilean baino 33 gehiago. Kopurua deigarriagoa da iazko maiatzarekin konparatzen badugu, orduan baino 137 langabe gehiago zenbatu direlako aurten. Horrek esanahi du urtebeteko epean Oñatiko langabeziak % 45 egin duela gora. Baina osasun krisiak bereziki jo duen azken hiru hilabeteetan ia % 24 egin du gora Oñatiko langabeziak. Otsailean herriko langabezia tasa % 6,51 zen, une honetan % 8,06 da. Azken hilabetean lanik gabe geratu diren gehienak industria eta zerbitzuen arloan aritutakoak dira.

  Orokorrean gizon eta emakumeen artean egin du gora langabeen kopuruak gurean, baina proportzioan, gizonezkoak gehiago izan dira. Adinari erreparatuta berriz, nagusiki, 25 eta 44 urte artekoen artean hazi da langabezia.

  Une honetan Oñatiko langabezia tasak % 8aren langa gainditu du, % 8,06 baita lehen esan bezala. 2015eko apirilaz geroztik ez genuen halako tasa alturik ikusten gurean.

  Hego Euskal Herrian ia 3.800 langabe gehiago zenbatu dira maiatzean. Denera, 182.852 pertsona daude izena emanda lana topatzeko zerbitzuetan. ERTE edo aldi baterako erregulazio egoeran dauden langileen kopurua berriz, erdira jaitsi dela adierazi da Lanbidetik.

Iturria: Oñati Irratia