4.603 ikasle-irakasleren bisita izan dute Arrikrutzeko koban, 2018-2019 ikasturtean

2019/06/25
Card image cap
Hazi egin da ikastetxeekin hitzartutako bisita kopurua, aurreko kurtsoarekin alderatuta

  Geologia, karstologia eta paisaiaren aldaketa aurrez aurre ikusi eta ulertzeko aukera paregabea eskaintzen du Arrikrutzeko kobak. Irakasleek badakite, eta ondorioz, ikasturtean zehar lantzen dituzten gaiak sakontzeko halako irteera eta bisitak antolatzen dituzte. Arrikrutzeko teknikariak gaian adituak dira eta eskola kurrikulumera egokitutako material didaktikoa eta bisitak antolatzen dituzte.

  Bisitarien kopuruak gora egin zuen iaz Arrikrutzen, eta ikasturtea amaitu berri den honetan, ikasle/irakasle kopurua ere hazi egin da, 2018-2019 ikasturtean ikastetxe ezberdinetatik etorritako 4.603 bisitari izan baitituzte. Gehienak Lehen Hezkuntzakoak eta DBHkoak izan dira, baina tartean, unibertsitateko ikasleak ere izan dira. Lehen Hezkuntzako ikasleekin historiaurrea eta paisaiaren aldaketa gaiak lantzen dira nagusiki, DBHkoekin geologia eta Batxilergokoekin karstologia. Hori, orokorrean, baina beti ere ikastetxeen helburuak ezagututa eta horietara moldatuta. Haur Hezkuntzako talde batzuen bisita ere izan dute aurten Arrikrutzeko koban. Taldeko gaztetxoenak 2 urteko haurrak ziren eta horiekin ere jarduera ezberdinak egin zituzten.

  Kopuruz gutxiago badira ere, unibertsitate mailako ikasleak ere izaten dira Arrikrutzen bisitan, EHUko geologia fakultatekoak eta MUko HUHEZIkoak. Euskal Herriko unibertsitatea klima aldaketaren inguruko ikerketa egiten ari da Arrikrutzen, eta instalatuta dituzten neurgailuak eta bestelakoak bertatik bertara ikusi eta aztertzera etortzen dira ikasleak AMETeko kide ere baden irakasle batek lagunduta. HUHEZIko ikasleek berriz, ondarea eta espeleologia jarduerak lantzen dituzte nagusiki Arrikrutzen. Koba eta inguruek eskaintzen dituen aukerak, ugariak eta anitzak dira, eta ikastetxeen beharretara moldatzen saiatzen dira bertako teknikariak.

  Araotzeko errepidearen zabalpen lanek buruhauste batzuk eragin zizkieten hainbat astez Arrikrutzeko kobako arduradunei baina langileen prestutasunari esker, eskoletako autobusek hitzartutako orduetan lasai pasatzeko aukera izan zuten.

  Ikasturtea amaitu den arren, datozen asteetan beste hainbat gaztetxo talderen bisitak espero dituzte Arrikrutzen, ludoteketako erabiltzaileen bisitak ei dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!