24 langabetu gutxiago zenbatu dira Oñatin ekainean

2018/07/04
Card image cap
Langabetuen kopurua 300neko langaren azpitik eta tasa % 6aren azpitik kokatu da aurten lehenengoko aldiz

  Langabeziaren beheranzko joerari eusten zaio gurean eta hirugarren hilabetez jaitsi da. Martxo amaieratik ekaina amaierara,  39 langabetu gutxiago erregistratu dira Oñatin. Ekaina, hilabete ona izan ohi da gurean langabeziari dagokionean. Udako lan kargari erantzun ahal izateko kontratu berri ugari egiten baitira eta tradizionalki, langabeziak behera  egin ohi duen hilabetea izaten da.

  Lanbideko azken datuen arabera Oñatin erroldatutako 294 lagun daude lana topatu guran. Horrek, iazko uztailako kopuruetara garamatza, baina gogoratu behar da, aurretik, 9 urte eman zirela herriko langabetu kopurua 300dik behera jaitsi gabe. Azken hilabeteko murrizketa esanguratsu hori langabezia tasan ere islatu da eta  % 6tik behera kokatu da, aurten lehenengo aldiz. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa % 5,60 da. Azken hilabetean, gizonezkoen langabeziak egin du behera bereziki, adin tarte guztietan gutxitu baita, eta emakumezkoen artean, 25 eta 44 urte artekoen artean.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta ordea, datua ez da hain ona, iazko ekainean baino 10 langabetu gehiago baitaude Oñatin. Baina aipatu behar da, lana topatu ezinda dauden gizon eta emakumeen aldea txikiagoa dela orain. Ikuspegia zabalduz, Hego Euskal Herria mailan ere langabeziak behera egin du ekainean, baina kasu honetan, langabe kopurua txikitu egin da orain urtebeteko datuekin alderatuta ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!