2021eko udal aurrekontua aztergai izango da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2020/12/17
Card image cap
Udal gobernu taldeak ia 16,6 milioi euroko proposamena zehaztu zuen, aurtengoa baino %3,6 murritzagoa

  Gobernu taldearen proposamena azaroaren 24an helarazi zitzaion oposizioari eta abenduaren 15era arteko epea finkatu zen elkarrekin landu eta osatzeko. Negoziazio horiek eman dutena arratsaldeko Osoko Bilkuran jakingo dugu. Orduan azalduko dira 2021eko aurrekontuen ezaugarri nagusiak, orokorrean nahiz batzordeka, eta udalbatza osatzen duten bi taldeen arteko adostasun maila.

  Jakina da Covid-19aren eragina handia izan dela aurtengo aurrekontuak gauzatzerakoan, ezohiko partida berriak sortu baitira, eta eragin hori datorren urtean ere antzemango da. Hasteko, Foru Aldunditik iristen den funtsa aurtengoa baino % 7 murritzagoa izatea espero delako. Baina kiroldegia berritzeko aurten egin den inbertsio handirik ez da izango 2021ean, nahiz eta, eskatu zen mailegua itzultzen joan beharko den. Hala ere, inbertsioetara 1,2 milioi euro bideratzea aurreikusi du gobernu taldeak, bai behintzat, eskuartean dugun aurrekontu proposamenaren arabera. Inbertsioen atalean aipagarriak dira, Azkoagain inguruko irisgarritasun proiektua gauzatu eta Lezesarri auzoko sarrerak hobetzea, Munazategiko birigilgune berrian Garibai auzorako sarbidea egokitzea, Jubilatuen etxean hobekuntza lanak egitea edota San Martingo parkea berritzea, besteak beste. Proiektu berriak ere martxan jartzea aurreikusten da: Geuretik sortuak sormen proiektua, gazteen laneratzera bideratutako asmoa eta energia irarunkorren ekintza plana idaztea.

  Une zail honetan, egoera zaurgarrienean egon daitezkeen herritarren babeserako diru partidak mantendu ez ezik jasotzea ere aurreikusten da. Horren adibide da gizarte larrialdietarako dirulaguntzak %21 jasoko dela, merkataritza eta ostalaritzari laguntzeko bonoen plataforma digitalean 30.000 euroko dotazio berria egitea aurreikusten dela gobernu taldearen proposamenean.

  EAJk ere aurrekontuak lantzerakoan, ostalari eta merkatariei ez ezik, baserritarrei laguntzen jarraitzeko neurriak txertatzea eskatu zuen. Kulturaren eta artearen sektoreak ere babes berezia behar duela deritzote jeltzaleek eta Kultura Saria  sortzea eskatu zuten; DBH eta Batxilergoan, Gogora Institutuaren egitasmoa aurkeztea, ikastetxeetako liburutegiak hornitzeko dirulaguntzak eta Musika eskola berrirantz pausoak ematea proposatu zuten; Euskadi Lagunkoia egitasmora atxikitzea, bizikidetza ordenantza idazteko parte-hartze prozesua abiaraztea, Olakua-Olapotoko irisgarritasun planaren faseetan aurrera egitea, Arantzazuko komunak konpontzea, Urrutxun atletismo pista eraikitzeko proiektua egitea. Eta Azkoagainen zuloak estaltzen jarraitu ordez, hau ordezkatuko lukeen futbol zelai berri baten proiektua hastea proposatu zion gobernu taldeari.

  Batekoak eta bestekoak nola uztartzen diren ikusiko dugu arratsaldeko Osoko Bilkuran, 2021eko udal aurrekontuen eztabaidan. Osoko bilkura 18:30tan hasiko da eta Oñati irratiak zuzenean eskainiko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!