2020ko Finantza Kontrolerako Urteko Plana eta martxoaren 8aren inguruko Adierazpen instituzionala hizpide izango dira gaurko Osoko bilkuran

2020/02/27
Card image cap

  Finantza kontrolerako urteko plana legez egin behar da, baina orain arte ez da bete, ez behintzat Oñatiko udalean. Berriki, Gipuzkoako Foru Aldundiak plana betetzeko jarraitu daitezkeen ereduen-gida osatu eta bidali die udaletxeei, lana errazte aldera. Legeak agintzen duena abian jartzea erabaki dute udal askok, Oñatikoak barne.

  Finantza kontrolerako urteko planak, udalen fiskalizazio lana guztiz dokumentatu eta planifikatzen du. Gainera, egindako lanaren berri Osoko Bilkurari sistematikoki eman behar zaio. Urtean hirutan jakinaraziko zaio udalbatzari fiskalizazio lana nola egiten ari den; lehenik, urteko planifikazio lanaren berri emango da, bigarrenik ondorioak atera eta jakinaraziko dira eta azkenik, ondorioak zuzentzeko ekintza plana osatu eta aurkeztu beharko da. Gaurko bileran, 2020ko Finantza kontrolerako urteko plana nola egingo den azalduko da Osoko Bilkuran.

  Baina beste 11 gai ere azalduko dira. Herriko zenbait baserritan egin behar diren lanak interes bereziko edo udal onurako obra gisa onartu eta ondorioz hobaria aplikatzeko aurkeztu diren hainbat eskaera aztertuko dira, Berezao eta Olabarietako auzo alkate berrien izendapenaren berri emango da eta udal langileen aurtengo soldata igoera proposatuko da, besteak beste.

  Martxoaren 8a badator eta horren haritik, udalbatza osatzen duten bi taldeek babesten duten Adierazpen instituzionala irakurri eta onartuko da arratsaldeko Osoko bilkuran.

  Hileko batzarra 18:30tan hasiko da eta Oñati irratiak zuzenean eskainiko du, ohitura duenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!