2020-2021 Ingurumen beka, Zubillagako hiltegirako udalaren diru ekarpena eta Olabarrietako komunaren kokapena aldatzeko eskaera aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/02/20

  Aspaldiko lan zerrendarik luzeena izango du gobernu taldeak gaurko bileran, 40 gai jaso baitira. Zortzi udal batzordek aztertu eta proposatutako gaiak dira.

  Udalak eman ohi dituen dirulaguntza ezberdinetarako deialdiak urte hasieran kaleratzen dira eta gaurko batzarrean, Ingurumena eta Landa Garapen sailak kudeatzen dituenen oinarri arautzaileak aztertuta, deialdia egitea onartzea espero da. Ingurumenarekin lotuta baita ere, 2020-2021 beka iragartzea proposatuko da. Ingurumen ikerketa beka bi urtean behin ematen da. 2015-2016 urte artekoa Oñatiko narrasti eta anfibioak ikertzera zuzendu zen baina 2017-2018koa bertan behera, eman gabe geratu zen, jasotako proposamen bakarrak ez zuelako epaimahaiaren gutxieneko puntuazioa lortu. Arratsaldeko bileran, 2020-2021erako deialdi egitea aztertuko da.

  Zubillagako hiltegiak 2020rako onartu duen aurrekontuaren berri ere emango zaio gobernu taldeko kideei eta bide batez, aurrekontu hori estaltzeko Oñatiko udalari dagokion diru ekarpenaren xehetasunak azalduko dira.

  Olabarrietan jarri asmo den komun publikoaren inguruan bestalde, aurreikusi den kokapena aldatzeko herritar batek egin duen eskaera ere aztergai izango da arratsaldeko bileran. Aiastui inguruko errepide azpiko pasabidearen aldamenean kokatu asmo da aipatu komuna eta udal brigadak hartarako oinarria prestatu du jada. Baina kokapen hori aldatzea eskatu da eta hala egin ala ez, gaurko bileran erabaki beharko da. Bitartean, esan, astelehenean amaitu zela berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko esleipen prozedurara eskaintzak aurkezteko epea eta bihar irekiko direla jaso diren proposamenen plikak.

  Berezaoko eta Olabarrietako auzo alkate berrien izendapen proposamenak, Gaztelekuan apirilean egin asmo diren kontzertuak, Ludoteka ibiltaria egitasmoa eta esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzuren kontratua luzatzeko proposamena ere aztergai izango dira gaurko bileran, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia