2020-2021 ikasturte berria eta Bazkide kanpaina aurkeztu du Ganbara Faktoriak

2020/09/08
Aurrez aurreko entseguak lehenetsiko dira baina streaming-ez emango dira, kuarentena bete behar dutenek jarraitzeko aukera izan dezaten

  Kantuan ikasiz, entzunez, eginez, hazi da ikasturte berrirako Ganbara faktoriak hautatu duen lema. Kantu eskolak beteko duen 16. ikasturtea izango da, Ganbara abesbatzarentzat 26.a.

  Aurreko kurtso bukaeran eskolak eta entseguak on-line formatuan egin behar izan zituzten arren, ahal bezain pronto aurrez aurrekoetara itzuli ziren talde nagusiak. Ikasturte berri honetan ere saio presentzialak lehenetsiko dituztela esan dute Ganbara faktoriako ordezkariek, goizean egin duten agerraldian. Horretarako segurtasun neurri guztiak jasotzen dituen protokolo berezia landu du zuzendaritza taldeak.

  3-18 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako kantu eskolako saioak Errekaldeko egoitzan egingo dira, partaideen arteko distantzia bermatzeko lekua badagoelako. Abesbatza ezberdinen entseguak lokal handiagoetara aldatu behar izan dituzte eta egun, Santa Anan egiten dituzte. Aurrez aurreko saioak lehenesten badira ere aldi berean on-line ere emango direla azpimarratu da, norbaitek kuarentena gorde beharra izan dezakeela eta.

  Igandean amaitzen da Ganbara faktoriako kantu eskolan matrikula egiteko epea, eskolak, astelehenean hasiko baitira. Mutikoei dei eta gonbidapen berezia egin zaie, kantu eskolan izena eman dezaten, abesbatzetan mutil ahots falta baitago.
Ikasturte berria ez ezik, Ganbara faktoriaren bazkide kanpaina ere abiatzen dela gogorarazi da gaurko agerraldian. Lagun eta bazkide figurak daude, kuota eta abantaila ezberdinekin.

  Bide batez, Ganbara faktoria osatzen duten taldeek dagoeneko lotuta dituzten hainbat emanaldiren aipamena ere egin da prentsaurrekoan: abenduan Argia eta iluna kontzertu zikloan parte hartuko dute Ganbara kantu eskolak eta Ganbara eta Hots abesbatzek; Kantu eskolak hiru hilabeteko kontzertuekin jarraituko du, Hots-ek Oroimenean diskoa aurkeztuko du eta Miranda de Ebroko lehiaketan parte hartuko du eta Ganbara abesbatzak berriz, Burgariako Varna Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko du, maiatzean. Horiek, dagoeneko lotuta dituzten saioetako batzuk dira, datozen aste eta hilabeteetan gehiago zehaztu ahal izatea espero dute.

Iturria: Oñati Irratia