“Pertsonei arreta soziosanitarioa ematea etxean” izeneko formazio ikastaro berria antolatu du Udalak arloan dihardutenek profesional ziurtagiria eskuratu dezaten

2015/04/01
Card image cap
Guztira 600 ordukoa izango da eta lau modulutan banatuko da

  Udalak lehenago ere egin izan ditu zaintza eta etxeko lanen inguruko  formazio saioak, oraingoaren antzera, sektorean lan egiteko beharko den profesional ziurtagiria eskuratzeko helburuz. Orain artekoak ordea, oinarrizkoak dira eta maiatzean abiatuko dena berriz, sakonagoa edo maila handiagoko ziurtagiria jasotzea ahalbideratuko duena. Izan ere, pertsonei arreta soziosanitarioa emateko gaitasuna adieraziko baitu eta erdi mailako lanbide heziketarekin edo parekatu ahal izango da. Horretxegatik, parte hartzeko, DBH edo erdi mailako lanbide heziketarako sarbide azterketa gaindituta izatea eskatzen da edo, lehen Udalak eman izan dituen 120 orduko oinarrizko ikastaroa egina izatea.

  Pertsonei arreta soziosanitarioa emateko formazio ikastaro honek 600 orduko iraunpena izango du guztira baina lau modulutan emango da. Lehena, “etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa” deritzona da. 170 orduko modulu hau maiatza eta ekaina bitartean emateko asmoa du Udalak. Formakuntza osatzeko hurrengo moduluak, ondorengo hilabeteetan zehar antolatuko dira.

  Lehen moduluari dagokion ikastaroa astelehenetik ostiralera arratsaldeko 3etatik 7etara egitea aurre ikusten da baina partaideen disponibilitatea kontutan hartuko da eta gehiengoak hala eskatuz gero, goizera pasatuko da. Arrasateko Bastida akademiak emango du eta Zubillagako Olaburu zentroan izango da. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Interesa duenak, Bidebarrieta kaleko 12an Enplegu Zerbitzuak dituen bulegoetatik pasa behar da edo bertara telefonoz deitu: 943.037700 da zenbakira. Plazak mugatuak dira eta gehienez, 20 lagunek egin ahal izango dute. Oraingoz, parte hartzeko interesa duten biren izenak jasota dituztela adierazi digute Udaleko Enplegu Zerbitzutik.

  Udalak antolatu duen formazio ikastaro honetan, mendeko pertsonen higienea eta arreta sanitarioa landuko dira. Hurrengo hiru moduluetan berriz, etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala, laguntza eta familia elikadura eta beste jardunbide batzuk ikasiko dira.

  Laster zaintza eta etxeko lanetan aritzeko profesional ziurtagiria ezinbestekoa izango da. Udalak antolatuta osatuko den 600 orduko  formazio ikastaro honen bidez, oinarrizko ezagutza dutenei ertamailako agiria eskuratzeko aukera eman nahi zaie.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!