“Mugak gaindituz sustraiak sendotu” izeneko arte lana egin dute ikastolako ikasleek

2015/11/27
Auzolanartean ekimena gauzatu zuten atzo Garoa ondoko zelaian

  Artistak, Txantxiku Ikastolako bigarren batxilergoko ikasleak izan dira. Gazteek natur elementuak erabiliz eta auzolanean osatu zuten artelana atzo goizean. Garoa etxe ondoko zelaiko zuhaitz bat elementu ezberdinez apaindu zuten, sustatu nahi dituzten arloak irudikatuz: berdintasuna, jai giroa, bizipoza, maitasuna, euskara eta zero zabor filosofia. Bestetik, kartzela baten barruan gizartetik kanpo nahiko lituzketen elementuak kokatu zituzten: kuartela, udaletxean dagoen Espainiako bandera, munduko bortxakeria eta gerrak eta gaztelaniaren gehiegizko erabilera gaztetxoenen artean. Hitz batetan esanda, naturaren elementuak erabili zituzten bizitzaz duten ikuspegia irudikatzeko. 

  Lehen orduan, sormena lantzeko tailerra egin zuten gerora artistikoki landuko zituzten ideien lehen gogoeta egiteko. Ideia proposamenak egin zituzten eta ondoren, elkarlanean ideia interesgarrienak adostu eta garatu zituzten.Horrela lan eginez, auzolanean jarduteak duen onurez konturatu zirela adierazi dute gazteek beraiek.

  Sortutako artelana, Garoa ondoko zelaian ikus daiteke eta bertan mantenduko da, naturak berak desegiten duen arte.

Iturria: Oñati Irratia