“Minbizia izan ondoren nire osasuna zaintzen” izeneko ikastaroa egingo da Oñatin, Paziente bizia programaren baitan

2020/02/06
Otsailaren 17an hasiko da eta zazpi astez luzatuko da

  Paziente bizia egitasmoa gaixoen jarrera kontziente eta aktiboan oinarritzen da. Beraien burua zaindu eta osasuna hobetzeko ahaleginean lehengo mailako protagonista eta arduradun bihurtuz. Horretarako, informazio zuzena izatea ezinbestekoa da, ez bakarrik gaixotasunaz, baita osasun egoera hobetu, edo kaltetu, dezaketen jokabide eta ohiturez ere.

  Paziente bizia programaren baitan gai ezberdinen inguruko ikastaroak antolatu ohi ditu Debagoieneko ESI elkarteak. Iaz, esaterako, Nire osasuna aktiboki zainduz ikastaro orokorra egin zuen Oñatin eta otsailaren 17rako Minbizia izan ondoren nire osasuna zaintzen tailerra antolatu du. Ikastaroa zazpi astez luzatuko da eta astean behin, kasu honetan astelehenetan, bi ordu eta erdiko jarduna osatuko da. Saioak 16:00tan hasiko dira. Minbizia duten, edo izan duten gaixoei ez ezik, hauek zaintzeaz arduratzen direnak ere animatu nahi dira ikastaroan parte hartzera.

  Paziente bizia egitasmoak badu beste berezitasun bat, monitoreak ere gaixo kronikoak direla. Hori bai, halako ikastaroak emateko bereziki prestatuta, formatuta daude, baina, beste gertutasun batekin eta bizipen pertsonaletatik berba egiten dute.

  Era honetako ikastaroak mugatuak dira, gehienez, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Anbulatorioan informazio kartelak jarri dira eta izena ere bertan, osasun zentroan eman behar da.  Aste honetan Paziente bizia programari dagozkion beste bi ikastaro hasi dira Arrasaten eta Bergaran, eta datorren asteartean Nire osasuna aktiboki zainduz tailerra hasiko Antzuolan. Debagoieneko edozein herritarrek parte hartu dezake bailaran egiten diren ikastaro hauetan.  

Iturria: Oñati Irratia