Oñatiko udala

“Lurpeko esperientziak ezagutzen” koben jardunaldi teknikoak egingo dira astean Mendukilo, Arrikrutz eta Pozalaguan

2020/02/03
Card image cap
Arrikrutzeko lehoia eta Oñatiko ondare paleontologikoaren inguruko hitzaldi irekia egingo Kultur etxean, ostegunean

  Mendukilo, Arrikrutz eta Pozalaguako kobetako arduradunek, ACTE elkartearekin batera, antolatu dituzten koben jardunaldi tekniko hauek, otsailaren 5etik 7ra. Gai ezberdinen inguruko komunikazio, elkarrizketa eta hitzaldiak, tokian tokiko koben bisitekin osatuko dira.

  Lurpen esperientziak ezagutzen izeneko jardunaldi teknikoak Nafarroan, Astizko Mendukilo koban hasiko dira, asteazkenean. Kobazulo turistikoetan egin ohi diren ikerketez, aldaketa klimatikoak estalagmitetan eragiten dituen ondorioez, fauna troglobioaz eta saguzarrez berba egingo da, besteak beste.

  Otsailaren 6an, ostegunean, jardunaldiak Oñatira aldatuko dira. Turismo bulegoan harrera egin ondoren, lau komunikazio entzun ahal izango dira: Arrikrutz kobak bisitarientzat irekitzearen helburua, Arrikrutzek kalitatearekiko duen konpromisoa eta beste koba batzuetako esperientziak ezagutu eta elkartrukatzea. Bazkalostean berriz, Arrikrutz bertatik bertara ezagutzeko aukera bikoitza eskainiko zaie jardunaldietako partaideei, ohikoa den 53. galeriaren bisita edo espeleo-abentura.

  Aritza Villaluenga EHUko irakasle-ikertzaileak partaidetza berezia izango du Oñatin egingo den jardunaldian; Arrikrutzek eta Oñatik paleontologiaren inguruan duen ondareaz argibideak emango ditu, bai goizeko komunikazioak osatzen baita arratsaldeko bisitetan ere. Gainera, eta herritar guztiei zuzenduta, hitzaldia emango du Kultur etxean. El león de Arrikrutz y el patrimonio paleontologico de Oñati. Su importancia, estudios realizados y difusion izeneko hitzaldia egingo du, 18:30tan. Hitzaldia, interesa duten guztiei irekita dago. Jardunaldiak ere irekiak eta doan dira baina aurrez izena ematea eskatzen da. Bihar da izena emateko azken eguna. Jardunaldietako gaia kontuan hartuta, bereziki interesgarriak gerta litezke paleontologia edota historiaurreko ikasle eta irakasleentzat. Jardunaldietan parte hartzeko interesa dutenek Turismo bulegoan eman behar dute izena. Hitzaldira joateko berriz, ez dago izena eman beharrik.

  Koben jardunaldi hauek Bizkaian, Pozalaguan amaituko dira, ostiralean. Bertako instalakuntzen egokitzapen berriaz, kobetako gidarien garrantzia eta formakuntzaz eta radonaren kontrolaz berba egingo da, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!