“Ingo xonau!” proiektuaren aurkezpen ekitaldia egingo da bihar, Santa Ana aretoan

2019/12/13
Card image cap
Aurrez, argazkia egingo Lazarraga lorategian eta gonbidapena egin zaie noka hitz egiten dakiten guztiei, bereziki emakumeei

  Oñatiko noka edo emakumezkoen hitanoa jaso eta biziberritzeko asmoz sortu zen Ingo xonau! proiektua. Emakumeen artean hikako trataera edo erregistroa galtzen ari zela ikusten zuten hainbat herritarren kezkaz sortu zen ekimena. Ahozko ondarea jaso guran, arloan eskarmentua duen Badihardugu euskara elkartera jo zuten, eta aldi berean, udalaren babesa lortu zuten. Hala, otsailean ekin zioten lanari, emakumeak elkarrizketatzen. Batetik, hitanoari buruzko esperientziak jasotzeko, hau da, noiz, norekin eta nola berba egiten zuten jasotzeko, eta bestetik, hikako beraien jarduna jaso edo erregistratzeko.

  Idoia Etxeberriak 54 herritarren elkarrizketak jaso zituen otsaila eta maiatza artean. 54 horietatik gehiengo zabala emakumezkoak izan ziren, 52, hain zuzen ere, baina 2 gizonezkok ere parte hartu zuten elkarrizketetan. Bideoz grabatu ziren elkarrizketa horiezaz gain, ikerketa diagnosikoa egiteko, herriko 16 baserri auzoetan ibili dira beste 13 datu biltzaile eta informatzaile. Noka dakiten emakumezkoak zenbat diren bildu dute eta hauekin ere, datu bilketa egin da. Zuzenean egin diren grabazio eta bideo pasarteak ahotsak.eus webgunean zintzilikatu dira, denon eskura. Ia 400 bideo pasarte labur daude ikusgai.

  Ikerketa diagnostiko honen emaitzak azalduko dira bihar, 11:30tan, Santa Ana aretoan egingo den aurkezpen ekitaldian. Dokumental labur bat ere erakutsiko da, nokaren galeraren arrazoiak azaldu asmoz. Bide batez, etorkizunera begira dituzten egitasmoak ere azalduko dituzte.

  Santa Anako ekitaldia hasi aurretik, 11:00etan, argazkia aterako dute Lazarragako lorategian. Noka hitz egiten dakiten guztiak gonbidatzen dira argazkian ateratzea. Bereziki emakumeak gonbidatzen dira, izan Oñatiko edo kanpotik etorritakoak, baina baita, noka dakiten gizonezkoak ere. Hitanoa bizirik dagoela erakutsi nahi da jende askoren argazkia atereaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!