“Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!” lelopean antolatu da Euskararen Nazioarteko Eguneko egitaraua

2019/11/27
Urteroko ekintzez gain Euskaraldiaren inguruko ekitaldia egingo da

  Abenduaren 3rako propio antolatu den egitarau udalaren Euskara-Hezkuntza departamentuak, herriko ikastetxeek eta bertako Guraso elkarteek adostu dute.

  Eguerdian hasiko dira ekitaldiak, batxilergoko ikasleei zuzenduta Kaffka antzezlana taularatuko baita Santa Ana antzokian. Kamikaz kolektiboa antzerki konpainiaren lan arrakastatsua da Kaffka. Antzezlana amaituta,  aktoreekin solasaldi irekia izango dute ikasleek. Arratsaldeko 19:30tan berriz, herritar guztioi irekitako emanaldi berria eskainiko da.

  Arratsaldeko egitarauari ekinez, txokolatea doan banatuko dute ikastetxeetako guraso elkarteek plazan eta batxilergoko ikasleek euskararen aldeko mezua duten bizkotxoak salduko dituzte euro baten truke. Lortzen den dirua ikasbidaiarako izango da. 18:00etatik aurrera berriz, urteroko ohiturari jarraituz, euskal kantuak abestuko dira kontzejupean musika eskolako musikarien laguntzaz.

  19:00etan Euskaraldiaren biribilean dantzan performancea egingo da plazan, 2020an hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa berriro egingo dela iragarri eta iaz azaldutako atxikimendua berresteko.

  Hurrengo egunean berriz, afari tertulia egingo da Julio Soto Ezkurdia bertsolariarekin. Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna izan da bost aldiz eta Berria egunkariko zutabegilea da egun. Afari tertulia Makalena elkartean izango da abenduaren 4an, 20:00etan hasita. Bertsogintzak egin litzakeen gizarte-ekarpenak, zuzenkeria politikotik harago: taburik bai? gaia hartuta berba egingo du Julio Sotok. Ondoren, bildutakoek elkarrekin afalduko dute eta tertuliarako tartea izango da afalostean. Afarirako txartelak Txokolaterixan jarriko dira salgai 12 €an, 8 € langabetu eta ikasleen kasuan.

  Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldien berri emateko, ikastetxeetako ikasleek osatutako kazetari taldea arituko da lanean. Oñati Irratian izango ditugu, 10:30tatik 12:00tara eskainiko dizuegun emanaldi berezian.

Iturria: Oñati Irratia