“Firts Lego League” lehiaketak 20 talde bilduko ditu Arrasaten larunbatean

2019/01/16
Antolakuntzan eta parte hartzen oñatiarrak egongo dira

  First Lego League lehiaketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetatik etorriko diren hogei talde bilduko ditu Arrasateko Iturripen, tartean, Oñatiko Zuazola-Larraña institutukoa. Larunbatean egingo duten proba simulazio bat izango da. Baina otsailaren 16an Gasteizen egingo den finalerako prestaketa izango da, bai antolatzaileentzat baita partaide diren talde batzuentzat ere. Eta batean zein bestean oñatiarrak daude.

  Urte asko dira First Lego League lehiaketak antolatzen direla eta aurten lehenengo aldiz, Ulma Taldeak antolaketan parte hartzen du, beste enpresa eta erakunderekin batera. Oñatiarrak, Gipuzkoako txapelketaz arduratuko dira datorren urtean, eta  larunbatean egingo den simulazioa entrenamendu edo prestaketa gisa hartuko du Ulmak. Zuazola-Larraña insitututuko ikasleentzat ere estreinako saioa izango da. 

  First Lego League lehiaketako partaideek hiru proiektu landu behar izan dituzte eta epai-mahai baten aurrean defendatu beharko dituzte, Arrasaten nahiz Gasteizen. Zientzia arloko proiektuan unibertsoa izan dute aztergai eta espazioan bizitza errazten duten soluzio berritzaileak proposatu beharko dituzte. Izan ere, lehiaketaren helburua, gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea baita, etorkizunera begira, beraien bokazioa aurkitzeko lagungarri izango delakoan.

  Arrasateko topaketa probaleku izango da, otsailaren 16an Gasteizen jokatuko den finalera begira. Han, estatu mailako finalera joango den euskal taldea hautatuko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Arrasateko topaketaren aurkezpena(Arg:DV)