“Ezkutuko altxorrak” izeneko turismo eskaintza berria egin dute Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek.

2013/02/27
Martxoaren 2tik ekainaren 23ra, bisita gidatu egitarau berezia antolatu dute.

  Ekimena, “Ignaziotar lurraldea” proiektuaren baitan sortu da. Egitasmoan, aipatu ditugun hiru eskualdeek bat egiten dute: Debagoienak, Urola erdian eta Urola Garaiak. Bailara hauetan dauden baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ezagutzera eman asmoz, bisita gidatu bereziak antolatu dituzte martxoaren 2tik ekainaren 23a bitartean. Lau hilabete horietako asteburuetan, zapatu eta domeketan, aurrez zehaztutako bisitak egin ahal izango dira. Guztira, 17 gune bisitatuko dira, kaperak, burdinolak, baserriak, errotak eta abar.

  Oñatin, Sancti Spiritus unibertsitateko kapera bisitatuko da baina egitarauan, Eskoriatzako Elorretako errota, Bergarako Dorretxe eta Jauregiak, Leintz Gatzagako gatz museoa edota Arrasateko Garagartzako San Migel elizako erretaula. Egitasmoan, Azpeitia, Azkoitia, Ezkio-Itxaso, Legazpi eta Urretxuko beste hainbat eraikin ere bisitatuko dira. Programa osorik ikusteko, www.ignaziotarlurraldea.com atarian kontsultatu daiteke.

  “Ezkutuko altxorrak” turismo eskaintza asteburu honetan bertan abiatuko da, justu, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateko kaperara zapatuan egingo den bisitaz. Domekan berriz, Elgetako Jasokunde Amaren elizako erretaula ezagutu ahal izango da.

  Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Hemen Debagoienean Mankomunitateko turismo departamentura deituta egin daiteke: 943.796364 telefono zenbakian. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!