“Bortxatzailea zu zara” perfomance-a kaleratuko du Oñatiko Sare Feministak, martxoaren 8an

2020/02/19
Card image cap
Elkarretaratzea ere egingo da

  Greba deialdirik gabe baina aldarrikapenak kalean ozen zabaltzeko asmoz hasi da Euskal Herriko Mugimendu Feminista martxoaren 8a prestatzen. Oñatin ere ari dira ospakizun eta aldarrikapen ekintzak zehazten.

  2018 eta 2019ko greben bidez agerrarazi eta zabaldutako mezuari helduko zaio berriro, alegia, emakumeek, nagusiki, egiten duten soldatarik gabeko lan ikusezinaren garrantzia eta balorea aldarrikatuko da. Baina baita ere,  emakumeen autoantolaketa eta sistema neoliberal indibidualistak ezarritako eredutik alderatu eta komunitate feminista konprometitua eraikitzeko beharra. Euskal Herriko hiriburutan martxoaren 8rako manifestazioak antolatu direla iragarri zen atzo Iruñean Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia. Baina herrietan ere izango dira lekuan lekuko mobilizazio eta ekintzak. Oñatin, esaterako, martxoaren 7 eta 8rako egitaraua zehaztu du Sare Feministak.

  Martxoaren 7ak ospakizun kutsua izango du nagusiki. Goizean, ia ohikoa bihurtu den Emakume Artisauen azoka egingo da plazan eta ondoren bazkaria gaztetxean. Gauean berriz, kontzertua izango da Arrano tabernan. Martxoaren 8an Bortxatzailea zu zara performance-a egingo da plazan.

  Txilen, Valparaiso hirian, iazko azaroan abiatu zen mugimendua da Un violador en tu camino izenekoa. Indarkeria matxista salatzen duen performance-a herririk herri mundu osora zabalduaz joan da eta sortzez gazteleraz zena, hizkuntza ezberdinetara itzuli da, baita euskarara ere. Oñatin, martxoaren 8an kaleratzeko asmoa dago. Horretarako, hiru entsegu antolatu dira: datorren astelehenean, lehena, eta martxoaren 3 eta 7an, hurrengoak. Lehenengo biak Eltzian egingo dira  20:00tan eta azkena berriz, martxoaren 7rako antolatu den bazkariaren ondoren egingo da, gaztetxean bertan.

  Bortxatzailea zu zara performance-a  plazan irudikatuko da 13:00tan. Aldi berean, Emakumearen Nazioarteko Egunari dagokion elkarretaratzea egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!