“Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020” ikerketa lanak jaso du Selma Huxley Barkham II. beka

2020/02/06
Zaintza lana ezagutarazi, aitortu eta aldatzeko oinarriak jartzea da helburua

  Jone Arrazola eta Miren Arangurenek aurkeztutako ikerketa lana saritu da 1.800 euroko bekaz. Ikerketa bera egiteko urtebete izango dute eta azken sei hilabeteak, herritarren artean hedapena egiteko baliatuko dira.

  Orain arteko gizarte eredu eta banaketak, emakumeen esku utzi ditu nagusiki zaintza lanak; emakumeen esku utzi ditu, etxe barruko esparru pribatuan eta horrek, ikusiezin bihurtu ditu. Zaintzarekiko zor historikoa dugula uste dute Arrazola eta Aranguren ikerlariek eta horixe kitatzeko asmoz proposatu zuten zaintzaren inguruko ikerketa lana. Urte eta erdian osatuko den lanak hiru helburu ditu: zaintza lanen inguruko errealitatea ezagutarazi, aitortu eta aldatzeko oinarriak jarri.

  Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020  ikerketa zaintza lanetan aritu diren eta ari direnekin egindako elkarrizketetan oinarrituko da, zaintza hori jasotzen duten onuradunen iritzia ahaztu gabe. Hala, hainbat elkarrizketa pertsonal egingo dira etxeko andreekin eta garai batean neskame edo etxeko langile eta zaintzaile gisa aritutakoekin, eta baita ere gaur egun horretan dihardutenekin, migranteak nagusiki. Udaberri aldera egingo diren elkarrizketa horiek, talde eztabaidez osatuko dira, eta horretan, zaintzaile profesionalak eta onuradunak elkartzeko asmoa dago. Informazio guztia liburu batean jasoko da.

  Selma Huxley Barkham bekaren bigarren fasea hedapenarena da, ikertzaileek bereziki azpimarratzen dutena, ikerketa lana gogoeta egin eta aldaketarako oinarri gisa azpimarratzen baitute. 2021eko otsailetik  aurreragoko hedapen programa hori hiru ataletan bereizten dute: aurkezpena, gogoeta eta aldaketarako Herri konpromisoa.

  Ikerketaren aurkezpena adin eta arlo ezberdinetako sektoreei egingo zaie: etxeko langile eta zaintzaileei, mugimendu feministari, eskola komunitateari eta gizarte eta kultur eragileei, erretiratuen elkarteak barne direlarik. Bigarren atala, gogoetarena izango da eta hori ere sektoreka egingo da, bakoitzak zaintzaren inguruan orain arte bizi izan den egoeraz hausnartu eta hau aldatzeko zein egin daitekeen ikusteko. Azken urratsa, herri moduan, aldaketa hori gauzatu dadin Herri konpromisoa hartzea izango da.     

Iturria: Oñati Irratia