“Birusa ez da arazo bakarra, arazoa sistema da” aldarrikatuz ospatzen da gaur Etxeko eta Zainketako Langileen Nazioarteko Eguna

2020/03/30

  1988ko martxoaren 30ean Bogotan egin zen Etxeko Langileen Latinoameriketako 1. Kongresuak abiarazi zuen etxeko eta zainketako langileen nazioarteko egun hau. Orduan jada etxeko langileen ikusezintasuna salatzen zen eta egun, egoera bere horretan jarraitzen duela azpimarratzen du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Sistema kapitalistak emakumeen bizkar utzi duen aitortu eta ordaindu gabeko enplegu prekarioa dela salatu nahi da, beste behin. Horregatik, koronabirusa ez ezik, arazoa indarrean den sistema  dela aldarrikatzen da etxeko langileen nazioarteko egun honetan.

  Koronabirusaren harira, inoiz baino ageriago geratu da urtetan hizpide izan den zaintza krisia, Emakumeon Mundu Martxak kaleratu duen idatzian aipatzen denez. Formakuntza eta osasun nahiz gizarte babes falta salatzen dute. Eta bizi den konfinamendu egoeran, etxe barneko langileek kutsatzeko arriskuan ez ezik, indarkeria pairatu eta erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe daudela azpimarratzen dute.

  Zaintza Krisiari aurre egiteko bizitzaren iraunkortasunean zein zaintzaren ardura dutenekin elkarlanerako mahaia osatzea eskatzen die botere publikoei Euskal Herriko Koordinadora Feministak.

  Gaur Etxeko eta Zainketako Langileen Nazioarteko Eguna dela aldarrikatzeko argazkiak atera eta zabaltzeko proposamena egin zaie etxeko langileei; etxeko lanetan ari direla argazkiak atera eta sare sozialen bidez zabaltzeko deia egin zaie, ikusezin den etxeko eta zainketako lana ikusgarri bihurtzeko.

Iturria: Oñati Irratia