“Bikaintasunaren saria” eman diote Arrikrutz kobari, lehoiaren inguruan egindako hedapen lanagatik

2020/01/24
Espainiako Koba Turistikoen Elkarteak emandako saria da

  Koba turistikoen elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen atzo, Fitur azokaren baitan. Amaieran, Bikaintasun sariak banatu zituen. Aurtengo sarituak bi izan dira, Villanuako la Cueva de Las Güixas eta Arrikrutz koba.

  ACTE-k bi urtean behin eman ohi ditu Bikaintasun sariak, kobek beraiek aurkezten dituzten proiektua eta txostenak oinarri hartuta. Arrikrutzeko kobaren kasuan, 2018an Arrikrutzeko lehoia ezagutzera emateko egin zen hedapen eta promozio lana hartu da kontuan.

  1966an Arrikrutzen topatu zen kobetako lehoiaren hezurdura Gordailutik atera eta ikusgai jarri zen erakusketa ibiltari batean. Burgosko Giza Garapenaren Museoan,  Donostiako San Telmon eta Bilboko Arkeologia Museoan ikusi ahal izan zen. Horretarako, Arrikrutzeko lehoiaren hezurrak zutik jarri ziren bitrina berezi batean. Kobetako lehoiei buruz, bizi izan ziren garaiari buruz eta giza-garapenari buruzko argibideez osatu ziren erakusketak. Aldi berean, dibulgazio liburu bat argitaratu zuen Aranzadi zientzia elkarteak. Arrikrutzi buruzko lan monografiko honetan Asier Gomez ikerlariak, Arantza Aranburu geologia adituak edota AMET espeleologia taldeko Martin Arriolabegoak idatzitako artikuluak bildu ziren. Liburuaren  aurkezpena, hainbat hitzaldiz eta Arrikrutzen bisita eta tailer bereziak eginez osatu zen Oñatin.

  Hedapen eta hezkuntza lan hori saritu du ACTE elkarteak Bikaintasun sariaren bidez. Udaleko Sozioekonomia batzordeko buru Xabier Igartuak jaso zuen saria atzo Madrilen.

Iturria: Oñati Irratia