“Berbalagun” taldeak abian jartzen ari dira

2020/10/19
Card image cap
Laugarren talde bat osatzeko partaideak behar dira

  Guztira, 21 lagun arituko dira, astean behin, elkarrekin euskaraz egiten. Lehen taldea pasa den asteazkenean hasi zen eta beste bi aste honetan abiatuko dira, baina laugarren bat ere sortu liteke, baldin eta euskara lantzeko asmoa duen partaide berririk agertuko balitz. Laguntzailea izendatuta dago eta oraingoz partaide bakarra dago, baina beste bat edo bi agertuko balira, taldea osatu eta asteroko dinamika betetzen hasiko litzateke. Laugarren Berbalagun talde hau ostiraletan elkartuko litzateke. Parte hartzeko interesa dutenek Udal euskaltegira jo dezakete izena ematera.

  Osatuta eta abiatuta edo abiatzear dauden beste hiru taldeak asteazken eta ostegun arratsaldetan elkartzeko konpromisoa hartu dute.

  Berbalagun egitasmoan parte hartzeko izena 21 lagunek eman dute orain arte; 14 ikasleak edo euskara hobetu nahi dutenak dira, eta beste 7 laguntzaile gisa arituko dira, 4 laguntzaile titular izango dira, nolabait esanda eta hiru berriz ordezko gisa parte hartzeko prest daudenak. 

  Berbalaguna, euskara ikasten ari direnak edota aritu eta euskaraz berba egiteko erraztasuna galdu dutenak eta euskaraz naturaltasunez aritzen direnak harremanetan jartzen dituen egitasmoa da; astean behin elkartu eta hitzezko euskara hori elkarrekin lantzeko bidea ematen duena. Berbalagun egitasmoa orain zazpi urte, 2013ko udaberrian jarri zen gurean abian eta ordutik, urtero, hainbat lagun talde aritu dira elkarrekin euskara landu eta hobetzen.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!