Euskal Herriko Bertsolari Txapelketatik kanpo geratu da Maider Arregi
Lehenengo faseko zazpi saioak jokatuta zehaztu da finalaurrekoetara pasako diren 17 bertsolariren zerrenda eta tartean ez da Maider Arregi egongo, puntu bakar batengatik. Lehenengo faseko saio bakoitzeko 7 irabazleak zuzenean sailkatu dira eta irabazleez gain, puntu gehien batzea lortu duten hurrengo 10 bertsolariak ere igaro dira finalaurrekoetara. 660 puntu eskuratuta Andoni Rekondo izan da sailkatu den azken bertsolaria. Gogoratu, Maider Arregik 659 lortu zituela Donapaleuko kanporaketan, ondorioz, puntu bakarragatik kanpoan geratu da. Egoera ez da berria oñatiarrarentzat, zoritxarrez, orain bi urte, Gipuzkoako txapelketako finalerako atarian geratu baitzen, puntu bakar bategatik, orduan ere.
Hauek dira Euskal Herriko bertsolari txapelketako bigarren fasera sailkatu diren bertsolariak: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddi Ane Txoperena, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Ane Labaka, Aner Peritz, Maddalen Arzallus, Xabat Illaregi, Aitor Bizkarra, Oier Etxeberria, Oihana Iguaran, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Asier Azpiroz, Agin Laburu eta Andoni Rekondo. Aurreko txapelketako zazpi finalistak batuko zaizkie eta 24 bertsolari lehiatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulian.
Lau saiok osatuko dute lehen itzulikoa: Larraun-Lekunberrin izango da lehena, urriaren 24an, Eibarren, urriaren 31n, Miarritzen azaroaren 7an eta Gernika-Lumon, azaroaren14an. Bigarren faseari ekingo dioten 24 bertsolaritatik 18 izango dira, bigarren itzulira pasako direnak.
Ituria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!