Oñatiko udala

Azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako hautesle erroldak ikusgai daude HAZ bulegoan

2026/10/13
Card image cap
Urriaren 19ra arte ikusi eta zuzendu daitezke erroldako datu okerrak

  Espainiako Senatu eta Kongresurako hauteskundetarako prozesua martxan da. Azaroaren 29an bozka eman ahal izango duten hautesleen zerrenda ikusgai dago udal bulegoetan. Errolda datuak zuzenak direla ikustea bereziki komenigarria da, 18 urte bete berri dituztenentzat, helbidez aldatu direnentzat, izan herri barruan edo beste herri batetik Oñatira etorrita, edo aurreko hauteskundeetan identifikazio arazoren bat izan zutenentzat. Izan ere, espainiar nazionalitatea duten adin nagusikoek daukate botoa emateko eskubidea baldin eta biloben legearen arabera nazionalizatu ez badira; azken hauen boto eskubidea etenik mantentzea erabaki berri baitu Auzitegi Gorenak. Baina botoa emateko hautesle erroldan ondo inskribatuta egon behar da. Zerrendak kontsultatzeko udaletxeko HAZ bulegora joan behar da, nortasun agiriarekin, pasaportearekin edo gida baimenarekin. Astebeteko epea dago horretarako, urriaren 19ra arte. Izen-abizenak eta helbidea ondo dauden ikusi eta hala ez bada zuzenketa eskatu ahal izango dute, HAZ zerbitzuan bertan.

  Azaroaren 29an bozka zuzenean, dagokien hauteskunde mahaian ematerik ez dutenek, posta bidezko botoa eskatu dezakete jada. Tramitea, estatuko edozein posta bulegotan egin daiteke azaroaren 19ra bitartean. Atzerrian daudenek dagokien kontsulatuan egin beharko dute eskaera. Braille sistema bidezko botoa eskatzeko epea ere zabalik dago, azaroaren 2ra arte.

  Hautagaien behin behineko zerrendak urriaren 28an argitaratuko dira BOEn eta beharrezko zuzenketak eginda, behin betiko zerrendak azaroaren 3an kaleratuko dira. Hauteskunde kanpainako ekintzetarako leku eta lokal publikoen zerrenda osatu eta jakinarazi beharko dute Udalek, datozen egunotan, eta urriaren 21erako argitaratuko dira. Era berean, atzo publikatu ziren bozkatzeko mahaiak nola banatu eta non kokatuko diren. Oñatiren kasuan ez dago aldaketarik eta 15 mahai kokatuko dira, Zubikoa kiroldegian, Natur Eskolan, Santa Marinako Elkar Hezi eskolan, aurreko hauteskundeetan bezala. Mahai horietan egon beharko duten herritarrak izendatzeko zozketak, berriz, urriaren 31tik azaroaren 4ko tartean egin beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!