“Belaunaldi arteko elkartasuna”, adineko pertsonen bizi kalitatea eta gizarte parte hartzeari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du udalak.

2014/04/03
Sancti Spiritus unibertsitatean, hitzaldiak izango dira astelehen, asteazken eta ostegunean.

  Gure gizartea zahartzen ari dela begi bistakoa da. Horrek, geroz eta ugariagoak diren pertsona nagusien bizi kalitatea bermatzeko zerbitzu eta azpiegiturak jartzea eskatzen du. Baina aldi berean, kolektibo zabal honek duen bizi-esperientzia eta jakinduria handia galdu ez dadin bitartekoak jarri beharra ere bai.

  Guzti horretaz hausnarketa egiteko topagune bihurtu asmo da Sancti Spiritus unibertsitatea datorren astean, zahartze aktibo eta partaideari buruzko hitzaldi zikloa antolatuta.

  Oñatiko adineko pertsonek dituzten behar eta gabeziak ezagutzeko asmoz BIGIRA izeneko programa jarri zuen martxan udalak iaz. Bakardadea eta bazterketa dira adinekoen artean antzeman diren arriskuetako batzuk. Horri aurre egin ahal izateko, beste lagun batzuekin harremanetan jartzea oinarrizko urratsa da. Baina norberak batzuetan bilatzen duen isolamendua gainditu egin behar da, pertsona nagusiak dinamizatuz eta zahartzaro aktiboa sustatuz.

  Geroz eta polarizatuagoa dagoen gizartean belaunaldien arteko hartu emanak sortu eta sendotzea da, legealdi honetan, udal gobernu taldearen kezketako bat. Ildo horretan antolatu da, adineko pertsonen bizi kalitatea eta gizarte parte hartzeari buruzko hitzaldi ziklo hau.

  Ekimena, Udaleko ongizate batzordeak antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako arduradunetakoa den Juanito Etxeberriaren laguntzarekin. Honek, etorriko diren hizlariekin harremanetan jartzeko bitartekari lana egin du.

  Hala, astelehenean, Mª Isabel Genua, Matia fundazioko arreta farmazeutikoko arduraduna etorriko da, zahartze aktiboaz eta belaunaldien arteko bizi kalitate eta elkartasunaz berba egitera. Asteazkenean, adineko pertsonen partaidetza-plan baterako gako sozial eta kulturalak jorratuko dira, Elisabet Arrieta soziologoak emango duen hitzaldian. Zikloa, ostegunean itxiko da osasunez zahartu, arrakastaz zahartu izeneko hitzaldiarekin. Hizlaria, Javier Yanguas psikologia biologikoan eta osasun arlokoan doktore dena izango da.  

  Hiru hitzaldiak Sancti Spiritus unibertsitatean emango dira, gogoratu, astelehen, asteazken eta ostegunean, arratsaldeko 7etan eta sarrera irekia delarik. Adin guztietako oñatiarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditu udalak.

Iturria: Oñati irratia