“Aita Mari” ontziari babesa adierazteko elkarretaratzean parte hartu zuten Oñatiko parrokiako ordezkariek

2019/07/09
Card image cap
Ekitaldia Pasaia Donibaneko kaian egin zen atzo goizean

  50 lagun inguruk bat egin zuten atzo Pasaia Donibaneko portuan egin zen elkartasun elkarretaratzearekin, tartean, Oñatiko parrokiako ordezkariek. Ekimena Azkoitiko Esku Bidez elkarteak eta Pasaia, Deba eta Azkoitiko parrokiek antolatu zuten, portura, konpondu dezaten, pasa den astean iritsi zen Aita Mari ontziko kideei eta orokorrean, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEari babesa emateko.

  Elkarretaratzean Italia eta Espainiako gobernuek duten jarrera salatu zen, itsasoan itotzeko arriskuan dauden pertsonak erreskatatzeko debekua mantentzen dutelako. Mediterraneoan aurten jada 598 lagun hil direla gogorarazi zen eta halakoren konplize ez dutela izan nahi adierazi zuten bildutakoek, irakurri zuten oharrean.

  Aita Mari ontziari salbamendurako baimena eman diezaioten eskatu zuten eta Itsas Salbamendu Humanitarioan diharduten kontrako atxilotze, isun eta epaiketak salatu zituzten, pertsonak erreskatatzea delitua ez baizik eta betebeharra dela azpimarratuaz.

  Pasai Donibaneko portuan atzo elkartu zirenek minutu bateko isilunea gorde zuten Mediterraneoan hildako etorkinak gogoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!