2017ko aurrekontuei ekarpenenak egiteko gonbidapena luzatu zaie herritarrei

2016/11/07
Bost urtez garatu diren partaidetzazko aurrekontuen ebaluazioa egingo du Udalak

  Udal mailan, datorren urteko aurrekontuen lanketa prozesua martxan dela adierazi du gaur goizean Mikel Biain alkateak gaiaz eman den prentsaurrekoan. Asmoa, aurrekontuak urtea amaitu aurretik onartzea dela esan du. Horretarako, EAJri abenduaren 6an helaraziko zaio gobernu taldearen proposamena, eta oposizioaren eta bestelako ekarpenak jasotzeko azken eguna, abenduaren 19a izango dela esan du. Gaia, abenduaren 22an egingo den Osoko Bilkurara eramango baita. Urtean zehar, eta ohiko bideetatik, herritarren ekarpenak jaso dituztela gaineratu du Nerea Zubia zinegotziak baina era berean, azken orduko ekarpenen bat egin nahi duenak, hartarako unea oraintxe duela azpimarratu du. Aurten, bereziki, haur eta gaztetxoekin landu dira 2017ko aurrekontuak eta zentzu horretan egin diren ekarpenak aztertzen ari direla eta zenbait proposamen aurrekontuetan txertatuko dituztela ere, aurreratu du.

  Partaidetzazko aurrekontu prozesu eta bide ezberdinak landu eta praktikatu dira azken 5 urteetan gurean. Egindako bidea ebaluatu eta etorkizunerako oinarriak finkatzeko unea dela ere esan da gaurko prentsaurrekoan. Datozen asteetan, prozesuaren diseinua egingo da eta ondoren, aurrekontuetan parte hartzen duten politiko, teknikari eta herritarrekin harremanetan jarrita ebaluazioa bera egingo da. Helburua, etorkizunean, halako prozesuak erabilgarri eta eraginkorrak izan daitezen oinarriak zehaztea izango da.

Iturria: Oñati Irratia