2017a krisia lehertu zenetik urterik onena izan da enpleguari dagokionean Oñatin

2018/01/05
Card image cap
Hala ere, langabeziak nabarmen gora egin du abenduan, 35 langabetu gehiago zenbatuta

  Aurreikuspenak beteta langabeziak gora egin du beste urte batez abenduan Oñatin. Hala gertatu ohi da, herriko lantegi askok urte amaierako eskaera eta lan pilaketari aurre egin ahal izateko aldikako kontratuak egiten baitituzte udazkenean, eta horiek azaro-abendu aldera amaitzen dira. hainbat lagun enplegu bulegoetara bueltatzen direlarik. Gurean urtero errepikatzen den fenomenoa da eta ondorioz, langabezia kopuruek gora egin ohi dute abenduan eta urtarrilean. Hori hala izanik ere, 2017a urte ona izan da herriko enpleguari dagokionean, 2008tik ikusten ez ziren tasa baxuak erregistratu baitira. Sei hilabeteetan esaterako, % 6aren azpiko tasak neurtu dira eta ondorioz, azken 9 hilabeteetako langabezia tasen bataz bestekoa ez da % 6ra iristen. 2017a, 337 langabetuekin amaitu da Oñatin. 

  Herriko langabezia tasa urte hasieran baino ia puntu bat txikiagoa da une honetan. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, eta azken hilabeteetan aipatuaz aritu garena errepikatuta, langabeziak, emakumeen artean egin du behera bereziki. Urte hasieran Oñatiko langabetuen % 57a emakumeak ziren eta abendu amaieran berriz, % 54ra jaitsi da portzentaje hori.

  Debagoienean ere, langabetuen kopuruak behera egin du azken urtean.  2.603 langaberekin amaitu zen 2017a eskualdean, %8,56ko tasa. 2016 amaieratik puntu eta erdi jaitsi da ia. 2017ko abenduko eta azaroko datuak alderatuta, berriz, langabeziak gora egin du Debagoienean ere. 44 langabe gehiago zeuden abenduan azaroan baino.

  Begirada zabalduz, Hego Euskal Herrian ere jaitsi egin zen langabezia 2017an. 13.000 langabe gutxiago erregistratuta baitzeuden abenduaren 31an. Hala ere krisiaren osteko joerak ez dira erabat zuzendu, aldi baterako kontratuak eta lanaldi partzialak ez baitira murriztu, eta kaltetu handienak emakumeak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!