2015eko zerga ordenantzak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran.

2014/10/30
Gobernu taldeak udal tasa eta zergak izoztea proposatuko du eta irizpide nagusi horrekin ados etorri arren, jeltzaleek, abstenitu egingo direla iragarri dute.

  Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, eta atzo aurreratu genizuenez, jeltzaleak ez daude ados etxebizitza hutsei aplikatzen zaien gain-ordainketarekin eta zabor zerbitzuak udalaren diru kutxetan defizita sortu izanarekin. Bi arrazoi horiengatik,datorren urteko zerga ordenantzak bozkatzerakoan abstentziora joko dute.

  Udaleko ordenantza fiskaletan, udal tasak eta zergak jasotzen dira, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen truke herritarrei kobratzen dizkien zerga eta tasak. Datorren urtera begira, bere horretan, aldaketarik gabe, izoztuta mantentzea da udal gobernu taldearen proposamena. Kontzeptu konkretu batzuk, arau nagusi horretatik kanpo geratu daitezke baina xehetasunak arratsaldeko Osoko Bilkuran emango dira.

  Urtarrilean indarrean sartu daitezen eta legez zehaztuta dauden jakinarazpen, alegazio eta bestelako epeak bete ahal izateko, urria amaitu baino lehen onartzea komeni da. Oñatin hala egiten da eta okerrik ezean aurten ere hala egingo da, gaia, esan bezala gaurko Osoko Bilkurarako lan zerrendan jasota baitago.

  Beste 11 gai ere aztertuko dira. Hara nola, Oñatiko landabide publiko nagusien inbentarioa hasiera bateko izaeraz onartzea, Moneta sozialaren arautegia eta Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziarekin sinatu beharreko hitzarmena edota Oñatiko baratze parkea adjudikatzeko eta kudeatzeko udal araudi erregulatzailea behin betiko izaeraz onartzea, besteak beste.

  Mozio idatzi bat ere aztertuko da gaurko bileran, Konstituzio Auzitegiak Kataluniako kontsulta behin behinekoz bertan behera uzteko hartutako erabakiari buruz EH-Bilduren mozioa aztertuko da.

  Ohitura dugunez Osoko Bilkura zuzenean eskainiko dizuegu. Arratsaldeko 7:30etik aurrera izango da.

Iturria: Oñati irratia