2015eko udal aurrekontuak gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira.

2014/12/18
Gaia, goizean egin den Ogasun batzordean aztertu da eta adostasunik izan ote den arratsaldean azalduko da.

  Pasa den astean aurreratu genizuenez, udalbatza osatzen duten bi alderdien arteko adostasun maila nahikoa handia zen baina ez erabatekoa. Jeltzaleek hainbat aldaketa proposamen egin zizkioten gobernu taldeari eta onartu ote diren arratsaldeko Osoko Bilkuran jakingo dugu.

  Bilduko udal taldeak azken urteetako irizpideei helduz, gizarte zerbitzuen alorrean behar gehien dutenei babesa ematen jarraituko du. Hala, desbabestuentzako diru poltsa nabarmen igotzea proposatzen du. Gizarte zerbitzuen arloa bera berregituratzea aurre ikusten da, gizarte langileen errefortzua sartuz.

  Beste langile kontratazio batzuk egitea ere proposatzen da 2015eko aurrekontuetan: berdintasun teknikari bat kontratatzea aurre ikusten da eta atzo aurreratu bezala, parte hartze eta dinamizazio sozialeko teknikari bat egun erdiz kontratatzeko prozesua abian da. Parte hartzearen haritik eta  ELTZIA proiektuaren baitan bestalde, Musika Eltzia gauzatzeko 300.000€ko diru partida berezitu da aurrekontu proposamenean.

  Aurreko urteetan martxan jarritako lanei jarraipena emanez, berriz, San Lorentzo eta Errekaldeko obren baitan fase berriak gauzatu, Olabarrieta eta Ugarkalde bidegorriz lotu eta Olabartako errepide azpiko pasabidea egitea, ibilbide natural historikoak berreskuratu, San Martin etxaldean dagoen parkea estali eta Bidebarrieta kalea irisgarritasun neurrietara egokitzea ere proposatzen da 2015eko aurrekontuetan.

  Baina proposamena zertan geratzen den eta nagusiki, aurreko eztabaida zertan den jakin dezazuen, gogoratu, Osoko Bilkura zuzenean eskainiko dizuegula.

  Aurrekontuen gaia da, dudarik gabe gaurko bilkurarako gai nagusia baina ez bakarra, beste 9 jaso baitira lan zerrendan.

  GI-2630 errepide ertzean bizikleta eta oinezkoentzako bidea eraikitzeko proiektua onartu eta  beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze espedienteari hasiera ematea,  lorezaintza zerbitzuaren kontrataziorako baldintza plegoa onartzea edota aurreko Osoko Bilkuran mahai gainean geratu zen Gizarte Zerbitzuetako Arduradun koordinatzailearen oinarriak onartzea proposatuko da gaurko Osoko bilkuran.

  Bilera, 7:30ean hasiko da eta zuzenean eskainiko dizuegu.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Udalbatza (Kontzejupetik aldizkaria)