20.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak Kuttuna.org ekimenera, herriko denda, ostatu eta zerbitzuei laguntzen jarraitzeko

2020/05/04
100.000 euroko balioa duten bonuak erosi dituzte herritarrek dagoeneko

  Udalak Kuttuna.org ekimenera bideratu zuen 20.000 euroko diru poltsa agortu egin da bi astetan, eta beste 20.000 euro ipintzea erabaki du. Orain arte, 100.000 euroko balioa duten bonuak erosi dituzte herritarrek. Egitasmoaren martxa ona ikusita aurrekontua handitzea erabaki du udalak eta beste 20.000 euro gehituta, 200.000 euroko erosketak sustatzea da helburu berria.

  Magnet kooperatibak irabazi asmorik gabe abian jarritako ekimena dela Kuttuna.org. Udalak %20ko ekarpena egiten die herritarrek erositako bonuei; adibidez, erosleak 40 eurotan eskuratzen da 50 euroko balioa duen erosketa bonua, edo 160 eurotan 200ekoa. Kuttuna.org plataforman 25 eta 200 euro arteko bonuak eskura daitezke. Laguntza ahalik eta establezimendu gehienetara hel dadin, pertsonako 400 euroko muga jarri da bonuak erosteko. Erosketa bakoitzean gehienez 200 euroko bonua erabil daiteke.

  Emergentzia egoeraren ondorioz jarduera eten beharra izan duten  gainontzeko merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreko profesionalei Kuttuna.org egitasmoarekin bat egitera animatu nahi ditu berriro Udalak.  Zalantzak argitu edo alta prozesuan laguntzeko Sozioekonomia departamentura joa daiteke, telefonoz  943 003 198 zenbakira edo honako helbide elektronikora: enplegu@onati.eus

  Kuttuna.org, egun itxita dauden denda eta zerbitzuetan erabiltzeko bonu txartelak erosteko web plataforma da. Kuttuna.org bidez bonu txartelak erosiz, dirua aurreratzen zaie saltokiei  eta irekitzen direnean erabiliko dira eskuratutako  bonoak.

Iturria: Oñati Irratia