19.885.809 €ko aurrekontua onartu da datorren urterako, aurtengoa baino %18 handiagoa

2015/12/18
Card image cap
EH Bildu taldeak alde bozkatu zuen eta jeltzaleak kontra

  Aurtengoak izan zuen jaitsieraren ondoren, udal aurrekontuek nabarmen gora egingo dute datorren urtean. Atzo aurreratu bezala gainera, inbertsioen atalak izango duen igoera da hazkundearen gako nagusia. Inbertsioetarako aurten dagoen diru partida bikoiztu baino gehiago egingo da; 2015ean 2 milioi euro pasa bideratu dira inbertsioetara eta 2016an, 4 milioi eta 700 mila euro bideratzea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.

  Inbertsioen atalak izango duen igoerari aurre egiteko mailegu berri bat kontratatzea aurre ikusten dela esan zuen udaleko kontu hartzaileak baina kopuru konkreturik eman gabe. 2015eko aurrekontuaren likidazioak baldintzatuko baitu zenbateko mailegua beharko den. Hala ere, 4 milioi eta 700 mila euroko zor berria aurreikusten dela esan zuen.
Zorra aipatuta eta kontu hartzaileak emandako datuekin jarraituz, 2016ko aurrekontuak eskutan, Udalaren zorpetze maila % 8.59a litzatekeela esan zuen eta hori, azken urteetako baxuena dela azpimarratu zuen alkateak. Orokorrean, 2016ko aurrekontua, aurrekontu sozial eta konprometitua dela adierazi zuen alkateak. Horren haritik eta inbertsioen atalean, San Martingo etxe tutelatuak eraiki eta Eltziaren ekipamendu lanen berri eman zuen Mikel Bainek eta kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa  Udalak berreskuratuko duela azaldu zuen.

  Ondoren, arloz arlo garatuko diren egitasmo nagusienen berri eman zuten Gobernu Taldeko kideek. Enplegu eta sozioekonomian, hiru ekintza lerro nagusi mantenduko dira: enpresa berrien promozio bekak, merkataritza arloko ekintzak eta titulatu berrien beka programa. Arreta sozialean, San Martin auzoko tutoretzapeko apartamentuen eraikuntza da apustu nagusia. Ekipamendu berriarekin eta lehendik eskaintzen diren zerbitzuekin, Oñatiko Udala Gipuzkoa mailan erreferente bihur daitekeela esan zuen alkateak. Aurten irekitako gazteen emantzipaziorako diru laguntzen lerroa mantenduko dela ere esan zuen.

  Lurralde antolaketa arloan, Hiri Antola menduaren Plan Orokorra martxan jarri eta mugikortasun planarekin jarraituko dela iragarri zen. Atzeko kalea oinezkoentzat guztiz egokitzeko lanak egingo dira, San Lorentzoko bidegorri zatia osatuko da herrigunea Olabarrietarekin erabat lotuz eta Herribusa/auzobusa martxan jarriko da. Zubillaga auzoan irisgarritasun lanak egingo dira, plazako arkupeko zoladura konponduko da eta unibertsitatera jaisteko arrapala egingo da, besteak beste. Zerbitzuetan berriz, kale garbiketa zerbitzuaren kudeaketa Udalak berreskuratzea jaso da 2016ko aurrekontuetan. Urritik aurrera izango dela aurreratu zen eta kudeaketa eredu aldaketa horrek, 10 langile kontratatzea ekarriko duela zehaztu zen.

  Landa garpena arloan, 2013an sortutako auzotasun programarekin jarraituko da eta eredu energetikoan, udaletxeko berokuntza sistema berritu eta argiteria publikoa efizientzia hobetzeko fasekako lanekin jarraituko da. Hezkuntzan, aurten proba moduan martxan jarri zen eskolara oinez ekimenari jarraipen iraunkorragoa eman nahi zaio, hartarako diru partida igoaz. Aldi berean Herri Curriculuma garatzen hasiko da. Kulturan, herriko kultur talde eta eragileekin lanean jarraituko da eta kultura sustatzeko programazioa osatzen jarraituko da eta besteak beste, Santa Anako teilatua konponduko da. Euskara arloan, 2016a plan estrategikoaren laugarren garapen urtea eta ebaluazio urtea izango da.
Kiroletan, kirol instalakuntzen hobekuntza partida % 10 igoko da hainbat lan egin ahal izateko.

  Berdintasunean Oñatiko udaleko errealitatera egokituta, berdintasunaren aldeko gobernantzarako neurriak ezarriko dira, emakumeen partaidetza sozio politikoa bultzatzeko kontseilua sortuko da eta udalerriko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa beka argitaratuko da, besteak beste. Haurrak eta Gaztedia arloan, Ludoteka eta Gaztelekuan aisialdi parte hartzaile eta hezitzailearen bidean lanean jarraituko da. Emantzipaziorako diru laguntzak mantenduko dira eta Gaztelekuko ekipamenduetarako diru partida handituko da. Oñatin identitate eta jatorri ezberdineko lagunek bat egiten dutenez, aurten landu den Harrera Protokoloa martxan jarriko da. Partaidetzan berriz, ELTZIAko ekipamentuetan inbertsio garrantzitsua egingo da eta udalak dituen beste egitasmo batzuetan, Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra edo Herri Curriculumean esaterako, partaidetza metodologiak txertatuko dira.

  Udal Gobernu taldearen azalpenen ondoren, jeltzaleek ere aurkeztutako ekarpenak atalez atal azaldu zituzten, batzuk onartu izanaz poztasuna agertuz eta baztertu zirenengatik azalpenak eskatuz.

  Miren Elgarrestak azkenik, proposatutako aurrekontuen balorazio orokorra egin zuen eta jeltzaleen ezezko botoaren zergatia azaldu zuen. Elgarrestak nabarmendu zuen bi udal taldeen gestio ereduak ezberdinak direla eta hori proposatutako aurrekontuetan islatzen zela. Gobernu Talde berriak lanean sei hilabete daramatzan arren plangintza orokorrik ez duela azpimarratu zuen. Inbertsioen gauzatze maila baxua  aipatu zuen, 2015ean aurreikusitakoaren herena oraindik exekutatzeko dagoela esanez. Eta defizitaz ere berba egin zuen, Udalak, urtez urte pilatuaz doan defizitari aurre egin behar diola adieraziz eta hori zaindu behar dela apimarratuz. Amaitzeko, aurrekontu proposamena ezagutu, ekarpenak egin eta Osoko  Bilkurara eraman aurretik eztabaidatzeko denbora gehiago eskatu zuen hurrengorako.

  Bi ordu eta erdiko azalpen eta eztabaidaren ondoren, bozketa egin zen. Proposatutako aurrekontua onartu egin zen Bilduko ordezkarien aldeko botoz. Jeltzaleek ezezkoa eman zuten. Datorren urtean Udalak, 19.885.809 €ko aurrekontua izango du, aurten baino  % 18 gehiago.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!