17 lagunek izena eman dute Estanpazio tailerrean parte hartzeko.

2015/02/16
Haurren eta helduen taldeak sortu dira eta biek arratsaldeko ordutegian beteko dute ikastaroa.

  Helduen taldeari goizeko ordutegia betetzeko aukera eman bazitzaien ere, gehiengoak arratsaldekoaren aldeko hautua egin baitu. Horretxegatik, gaur goizean zehar, goizeko ordutegia aukeratu zutenekin harremanetan jartzen ari dira ea arratsaldeko ordutegian joan daitezkeen galdetzeko.

  Estanpazio tailerra, ostegunetan emango da, haurrak arratsaldeko 5etatik 6:30 eta helduak, 6:30-8:30ra. Tailerra Bidebarrieta kaleko eskulanen lokalean emango da eta datorren astean, otsailaren 26an hasiko da.

 Ostiralean amaitu zen estanpazio tailer honetan parte hartzeko izen emate epea. Guztira, 17 lagunek eman dute izena eta kopuru horrekin, bai haurren taldeak eta baita helduenak ere aurrera egingo dute esan bezala.

  Estanpazio tailerra Mirari Sagarzazuk emango du eta adinaren arabera eta partaideen trebezia eta ezagutzaren arabera, material ezberdinak erabiliz estanpazio teknika ezberdinak landuko dira.

  Azken urteetako bideari jarraituz, San Migel jaixak pasatuta ikasturteko lehen hilabeteetan egiten diren eskulan ikastaroak osatuz, tailer laburragoen eskaintza zabaltzen du udaleko kultura departamentuak. Eskaintza osagarri horren baitan kokatu behar da estanpazio tailer hauxe. Orain, otsaila amaieran hasi eta maiatzaren 30a arte luzatuko dena. Tartean, ordu eta erdi edo bi orduko 24 saio osatuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Estanpazio ikastaroa