Oñatiko udala

17,2 milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztuko du udal gobernu taldeak gaurko Osoko Bilkuran

2019/12/19
Card image cap
Aurtengo zerbitzuak mantenduta, 1,8 milioi euroko inbertsioak egitea aurreikusten da

  Udal gobernuak 17.200.000 euroko aurrekontu proposatuko du 2020rako, aurtengoa baino bost milioi pasatxo txikiagoa. 2019ko zerbitzu guztiak mantenduta, 1.800.000 euro bideratuko dira inbertsioetara. Kiroldegiko obren inbertsioari aurre egiteko, udalbatzak 8 milioi eta erdi euroko mailegua eskatzea adostu zuen irailean eta horrek datorren urteko aurrekontua murriztea dakar. Zentzu horretan, 2020ko aurrekontuak doitu behar izan dituztela esan du Izaro Elorza alkateak, dedikazio, kontraste eta lanketa sakonez eraikitako aurrekontuak osatu dituztela erantsiz.

  Besteak beste, segida emango zaio 2019ko Partaidetzazko aurrekontuetan finkaturiko inbertsio sortari. 500.000 euroko partida dago 2019 eta 2020an exekutatzeko. Udala hasi da prozesuan zehaztutako zenbait inbertsio egiten, Olakuako kirol pistaren birgaitzea edota oinezkoen pasealekuetan komun publikoak jartzea, besteak beste. Eta 2020an exekutatuko dira herritarrek definituriko gainerako proiektuak.

  Bestetik, San Lorentzo eta Olakua auzoetako irisgarritasun planarekin jarraituko da, oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dira,  Berezaora doan bidea egokituz, esaterako. Eta segida emango zaio argiteria publikoan kontsumo gutxiko teknologia duten LED argiztapena jartzeko apustuari.

  Gainera, landa auzoen alde egiten jarraituko du udalak eta 30.000 euroko partida definitu du landa-bideak konpontzeko. Bestalde, Araozko ostatuko eta Natur eskolako birgaitze lanak 2020an bukatzea aurreikusten da. Eta diru kopuru bat ere gorde da San Prudentzioko geltokian komuna jartzeko. Jakin badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamenduari dagokiola San Prudentzion komuna jartzea esan du Izaro Elorzak, baina, saiakerak eginagatik ez dute erantzun baikorrik jaso. Arazoari irtenbidea eman beharrean daudela gaineratu du Elorzak.

  Aipatutakoaz gain beste inbertsio batzuk ere aurreikusten dira: Azkoagain futbol zelaiko irisgarritasun plana, merkataritza biziberritzeko plan estrategikoa amaitzea, Txaloka Ludotekako eraikinaren birgaitzea bukatzea edota Unibertsitate Zaharrean helduentzako Esperientzia gela sortzeko proiektua…

  Gauzak horrela, Elorza pozik azaldu da udal gobernuko kideekin batera landutako aurrekontu proposamenarekin.  Gaia, gaur arratsaldeko Osoko Bilkuran landuko da. Eztabaida ordea, hasi da sare sozialetan, EAJk proposatu dituen proiektu kopuruaren inguruan. Baina benetako eztabaida 18:30tan hasiko den Osoko Bilkuran izango da. Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du. (FM 107.4)


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!