1.631 oñatiarrek ekin diote gaur Euskaraldiari

2020/11/20
Card image cap
Izen-ematea azaroaren 24ra arte luzatu da eta Euskaraldiaren informaziogunea astelehen eta asteartean ere irekiko da Kale Barriako 45ean

  Euskaraldia, euskaldunon hizkuntza ohituretan aldaketa eragin nahi duen ariketa da. Gaur hasi eta abenduaren 4ra arte luzatuko da. Izena emateko aukera atzo artekoa zen hasieran baina datorren asteartera arte atzeratzea erabaki du antolakuntzak. Ondorioz, Oñatiko batzordeak Euskaraldiaren informaziogunea astelehen eta asteartean ere irekitzea erabaki du. Informaziogune hori Kale Barriako 45ean dago, Gure Eskuk erabiltzen zuen lokalean, eta bertan, Euskaraldian parte hartzeko izena eman ahal izango da, Belarripres edo Ahobizi txapak eskuratu edota herria girotzeko banderolak erosi. Informaziogunea, 18:00tatik 20:00tara irekiko da. Bide batez, Euskaraldiaren herriko batzordeak argitu nahi du orain bi urteko ariketan aritu zirenek oraingoan parte hartzeko izena eman behar dutela berriro. Zenbait herritar zuzenean txapa eske joan dira lokalera.

  1.631 oñatiarrek ekin diote gaur Euskaraldiari. Gehienak, 986, emakumeak dira eta 1.416k Ahobizi izatea hautatu dute. Horiek, Oñatiko datuak dira, baina orokorrean Euskal Herri mailan jaso diren datuak eta joera berretsi egiten dutenak; Euskaraldian 147.000 pertsonak eman baitu izena orain arte eta hamarretik sei emakumeak dira eta hamarretik zortzik ahobizi rola aukeratu dute. Orain bi urteko lehen ariketan ere antzera gertatu zen. Baina orduko hartan partaidetza handiagoa bildu zuen Euskaraldiak. Covid-19 gaitzak sortutako pandemiak ere horretan eragina izan duela uste dute antolatzaileek, mezua zabaldu eta jendea girotzeko zailtasunak asko izan baitira. Hala ere, eta mugikoetasuna mugatuta dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza ohiturak aldaketzeko ariketa egiteko aukera badugula eta horretan eragitera animatu nahi dira herritar guztiak, Euskaraldian parte hartzen. Gogoratu, izen emateko epea asteartera arte, azaroaren 24ra arte luzatu dela eta www.euskaraldia.eus atarian sartuta egin litekeela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!