16.742.668 €ko aurrekontua onartu da datorren urterako, aurtengoa baino % 1,3 murritzagoa.

2014/12/19
Card image cap
EH-BILDU taldeak alde bozkatu zuen eta Jeltzaleak berriz, abstenitu egin ziren.

  Lau urteren ondoren, udal aurrekontuak handitu ordez jaitsi egingo dira. 2011an, aurreko urtean baino % bi eta erdi bajuagoak ziren aurrekontuak onartu ziren eta atzo, berriro legealdiaren azken aurrekontuak, aurreko urtekoak baino murritzagoak izango dira. Aldea, hori bai, txikiagoa da eta aurtengoekiko ehuneko 1,3 txikiagoa izango da 2015ean, dirutan jarrita, 221 mila euro gutxiago izango du udalak bere zereginetarako.

  Orokorrean dena den, balorazio positiboa jaso dute atzo onartu ziren udal aurrekontuek, bai udaleko kontu hartzailearen aldetik eta baita oposiziotik ere, jeltzaleak, baiezkoa eman gabe baina proposatutako gai askorekin ados zeudela onartuta, abstenitu egin baitziren. 

  Kontu hartzaileak urtero egiten duen txostenean, plan ekonomiko-finantzeroa egin beharko dela adierazten du baina, krisi garaian aurrezki arrunt garbia positibo mantentzen dela azpimarratu zuen. Hori, 2008tik, departamentu guztiek gastu euste lan handia egiten ari izanaren ondorio dela esan zuen.

  Zorpetze mailari dagokionean, 2014ko ekitaldiaren likidazioaren emaitzak baldintzatu dezakeela argitu zuen. Izan ere, mailegu berria hartzearen arabera, udalaren zor bizia, 4,2 milioi eurokoa edo bi milioikoa soilik izan baitaiteke 2015aren amaieran.

  Orokorrean, eta arloz arlo, kultura departamentuaren diru partida igo egingo da, nagusiki, ELTZIA proiektuaren baitan Musika Eltzia gauzatzeko 300.000 €ko berezitu direlako.

  Barne antolaketa atalean ere aurrekontua igo egingo da, bi langile berri kontratatu eta gizarte zerbitzuak berrantolatuta, koordinatzailearen figura sortzea aurreikusten baita.

  Aisialdi hezitzaile atala da, aurtengoarekiko igoera izango duen hirugarrena. Kasu honetan, gazte lokalen inguruko prozesu parte hartzailea eta Gaztelekuko proiektu aisialdi hezitzailea garatuko da.

  Mikel Biain alkateak gastuei eutsi eta diru sarreren pare edo azpitik mantentzeko ahalegina egin dutela azaldu zuen. Aurrekontuak lantzerakoan irizpide nagusiak, gizarte babesari eutsi eta garatu nahi dituzten arlo batzuetan kontratazio berriak egitea izan direla zehaztu zuen alkateak.

  Ondoren, arloz arlo garatuko diren egitasmo nagusienen berri eman zuten gobernu taldeko kideek.
Gizarte zerbitzuetan, eguneko zentrorako 5 plaza gehiago sortzea eskatuko zaio Aldundiari eta zerbitzua bera berregituratuko da koordinatzaile bat izendatuz, gainera, desbabestuen diru-poltsa  nabarmen igoko da.

  Sozioekonomian,  enpresa proiektuen ekimenari jarraipena emango zaio herriko foro sozioekonomikoan enpresa txiki eta ertainentzako identifikatutako proiektuak garatuz, merkataritzako diru laguntzak handituko dira eta garapen agentziarekin elkarlanean atzerriratze eta berrikuntza proiektuak sustatuko dira.

  Berdintasuna atalean, berdintasun teknikari bat kontratatuko da eta berdintasun planaren ekintza planaren garatzen hasiko dira. Parte hartze eta dinamizazio sozialeko teknikari bat ere egun erdiz kontratatzea aurre ikusten da, prozesua, dagoeneko abian da.  Eta Musika Eltzia gauzatzeko, esan bezala, 300.000€ko diru partida izango da.
Aisialdi hezitzailea atalea, gazte lokalen fenomeno soziala aztertu eta ekintza protokoloa zehaztuko da eta Gaztelekuko zerbitzua ikuspuntu hezitzailearekin txertatuko da.

  Kiroletan, martxan den kirol planean zehazten den egitasmoarekin hasiko da.

  Eta lurralde antolamenduari dagokionean, azkenik, hainbat lan egitea aurreikusten da:San Lorentzo eta Errekaldeko obren baitan fase berriak gauzatuko dira, Olabarrieta eta Ugarkalde bidegorriz lotu eta Olabartako errepide azpiko pasabidea egingo da,ibilbide natural historikoak berreskuratzeko asmoa dago eta San Martin etxaldean dagoen parkea estaliko da, besteak beste.

  Lourdes Idoiagak hartu zuen ondoren hitza eta abstentziora zergatik joko zuten argitu zuen. Gobernu taldearen proposamenarekiko adostasuna handia dena arren, jeltzaleen ekarpen guztiak ez zirela onartu azaldu zuen. Ondorioz, erdi maila zeudela eta euren botua ere, erdikoa, ez baietz ez ezetz izango zela esan zuen.

  Idoiagak argitu zuenez, kirol arloan jeltzaleek egin zituzten proposamenak izan ziren nagusiki gobernu taldearen ezezkoa jaso zutenak: Urrutxun oinarrizko atletismo pista bat eratu eta paddle pista batzuk egiteko proiektua lantzea eskatzen zuten.

  Etxebizitzak eraberritzeko udalak diru laguntzak ematea ere proposatu zuten jeltzaleek, bereziki, etxeen egitura eta irisgarritasuna hobetzea helburu zenean. Halako lanetarako diru laguntzen kudeaketaz SURADESA elkartea arduratzen bada ere arloa lantzen jarraitzeko prestutasuna azaldu zuen gobernu taldeak.

  Azkenean, bozketa egiterakoan, esan bezala, proposatutako aurrekontua onartu egin zen Bilduko ordezkarien aldeko botoz eta jeltzaleen abstentzioaz.

  Datorren urtean, udalak, 16.742.668 €ko aurrekontua izango du, ahdu da, aurten baino % 1,3 gutxiago.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!