Oñatiko udala

14 enpresa aurkeztu dira Atzeko kalea oinezkoentzat egokitzeko 2. faseko lanetara

2016/04/11
Card image cap
Eguerdian ireki dira enpresen eskaintza ekonomikoen plikak

  Pasa den asteartean amaitu zen Atzeko kaleko beheko zatia oinezkoentzat egokitzeko lanen kontrataziora aurkezteko epea eta kontratazio mahaia, ostegunean eratu zen. Lehen bilera horretan, enpresek aurkeztutako dokumentazio administratiboaren berri eman zen eta proposamen ekonomikoa eta exekuzio epea barne dituen bigarren plika edo kartazala irekitzeko data finkatu zen. Gaur 13.00tan egin da.

  Esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da.  Proposamenen balorazioan gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 80, eskaintza ekonomikoari lotuta emango dira. Beste 20ak, egikaritza epea eta hobekuntzei dagozkionak izango dira.

  Lizitaziora atera diren lanen aurrekontua 346.000 euro da. Zatirik handiena, Atzeko kalearen behealdea eta aldameneko hiru kantoi oinezkoentzat egokitzeko lanei dagokie: 263.000 euro. Kopuru hau Udalak ordainduko du. Gainontzeko 83.000 euroak Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu, bidea konponduko dela aprobetxatuko baita, ur azpiegitura sarea berritzeko. Lanak egiteko zehaztu den epea berriz, hiru hilabete eta erdi dira. Pentsatzekoa da, dena den, lizitaziora aurkeztu diren enpresek, gehienezko aurrekontu eta lanak egiteko epea murriztea proposatuko dutela. 

  Korpus jaiak pasatu eta berehala hasi asmo diren Atzeko kaleko lanek, Ramon Irizar kaleko bidegurutzetik behera dagoen kale zatia ez ezik, bertara jotzen duten hiru kantoi ere hartzen dituzte, Ibarrondo, Kirrin eta udaletxe atzealdeko kantoiak. Azken honek gainera tratamendu berezia izango du; udaletxe inguruko kantoia eta kale zatian adokinak jarriko baitira Kale Barriako ereduari jarraituz. Gainontzeko kale zatian eta Ibarrondo eta Kirrineko kantoietan "hormigon inpreso" deritzona botako da, Atzeko kaleko goialdean egin zen bezala. Horrela, Atzeko kaleko itxura bateratuko da. Lanak, esan bezala, Korpus jaiak pasa eta berehala hasteko asmoa dago. Hasieran, hiru hilabete eta erdiko epea zehaztu da eta horrek esanahi du, San Migelak hasi bezperarako amaitu  beharko direla. Epe motz eta konkretu hori jarri da, egokitu nahi da kale zatia gune estrategikoan dagoelako, herri gunean eta Korpus prozesiñoak betetzen duen ibilbidean. Horregatik, lanak, herriko bi jai nagusien ospakizunen artean egitea aurre ikusi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!