124 herritarrek autokontsumorako aisialdi orturen bat landatzeko interesa luketela adierazi diote udalari.

2014/06/19
Card image cap
Jakinarazpen hori egiteko epea bihar amaitzen da.

  Udalak, baratza publiko hauek egokitzeko bi gune topatu ditu: San Martinen bat eta Torrealde inguruan bestea. Bakoitzean, 75en bat ortu prestatzeko lekua legokeela aurreratu zigun hile hasieran alkateak. Baina zenbat beharko ote diren eta herritarrek zein gune nahiago duten zehazteko egin da, interesa dutenen lehen datu bilketa hau.

  Horretxegatik, aisialdi orturen bat zaintzeko asmoa duten herritarrei, bi gune horien artean nahiago luketena hautatzea eskatzen zaie. Udala, proiektua herrian dagoen nahi eta interesera egokitu asmo baitu, esan bezala.

    Lursailak, 30 eta 90 metro karratu artekoak lirateke. Eskaerak, partikularrek nahiz herriko talde edo elkarteek egin dezakete. Guztiekin  baratzezainen elkarte bat eratuko da eta hartarako propio zehaztuko den araudia bete beharko da. Partaideek, 50-70 euro arteko sarrerako kuota bat eta urteko beste 70-90 euro arteko kuota ordaindu beharko dute. Eta hasteko formazio saio bat emango zaie. Erabiltzaileek, udal langileen laguntzarekin auzolanean eraikiko dituzte aisialdi baratzeak.

  Hori dena den, gerora izango da. Une honetan, udalak, ekimena aurrera eramateko interesa duten herritarrak identifikatu nahi baititu. Horretarako, aisialdi ortuak proiektu honetan parte hartu nahi duenari izena udaletxean ematea eskatzen zaio, bertara joanda edo telefonoz deituta. Oinarrizko datu batzuk eskatzen dira:  izen-abizenak, Nortasun Agiriaren zenbakia, helbidea eta telefonoa eta aipatu bi guneetatik nahiago izango luketena esatea. 

  Tramite hori, 124 herritarrek bete dute jada baina oraindik, gehiagok betetzea espero da. Izen emate hori egiteko azken eguna bihar baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!