12 oñatiarrek parte hartuko dute Lourdesera egingo den Gipuzkoako gaixoen peregrinazioan

2019/05/23
Bihartik astelehenera luzatuko da erromesaldia

  Oñatiko 4 gaixo eta 8 laguntzaile joango dira bihar Lourdesa, Gipuzkoako gaixoek urtero egin ohi duten erromesaldian parte hartuz. Autobusa 9:00tan abiatuko da postetxe aurrealdeko geltokitik. Ibilgailua gero Antzuola, Legazpi, Zumarraga eta Hernanitik pasako da, bertako ordezkariak ere hartzeko. Ez ohiko ibilbidea egingo dute beraz oñatiarrek aurten, normalean Arrasateko Aita Mennikoak hartzen baitzituzten eta bidaian zehar bertako gaixoei laguntzen zieten. Baina bidaiaren antolakuntzaren ardura talde berri batek hartu du eta ibilbideak aldatu egin ditu, nonbait.

  Aldatuko ez dena erromesaldiaren egitaraua bera izango da. Gipuzkoako peregrinazioa 15:00tan iritsiko da Lourdesera eta etzi, Gipuzkoako eguna ospatuko dute Jose Inazio Munilla gotzainaren zuzendaritzapean. Itzuli berriz, astelehenean, bazkalostean, itzuliko dira Gipuzkoara.

  300 bat izaten dira urtero Lourdesen Gipuzkoako gaixoentzat gordetzen diren oheak. Eskaerak gehiago izan daitezke baina lekua ez dagoenez hautaketa txiki bat egin behar izaten da. Oñatitik hasieran bost gaixo joatekoak ziren baina baten osasun arazoak tarteko, lauk bidaiatuko dute. Laguntzaileen taldea ere murriztuz doa urtetik urtera. Iaz 10 izan ziren, aurten 8 joango dira.

Iturria: Oñati Irratia