12 lan batzorde izango dira legealdi berrian, parte hartze departamentuak batzorde propioa izango du eta Ingurumenak eta Landa garapenak bat egin dute

2015/07/03
Batzorde bakoitzeko partaideak izendatu ziren atzoko Osoko Bilkura berezian

  Batzorde informatibo bakoitzean arituko diren udal ordezkariak eta  batzorde buruak izendatu ziren atzoko bilkuran. Guztietan, batzorde buru, EH Bilduko ordezkariak izango dira. Hirigintza eta Zerbitzuak batzordeko burua, Irati Etxeberria izango da, Ogasunekoa, Rafael Kortabarria, Gazteriakoa, Kepa Zelaia, Sozioekonomiakoa, Ana Martin, Ongizatekoa, Susana Altuna, Kiroletakoa, Borja Moiua, Berdintasunekoa, Leire Zumalde, legealdi berrian bat eginda egongo diren Ingurumena eta Landa Garapenekoa, Oier Irizar eta parte hartzetik berezitu den Pertsonal eta Barne Antolamendukoa, Mikel Biain. Partaidetza batzorde berriaren buru Nerea Zubia izango da eta beste bi batzordeetako gidaritza ere hartu du: Kultura eta Euskara eta Hezkuntzarena.

  Tokiko Gobernu Batzarreko kide titularrak berriz, Mikel Biain, Irati Etxeberria, Borja Moiua, Nerea Zubia eta Kepa Zelaia izango dira.

  Batzorde informatiboak, beharraren arabera, astero edo bi astean behin bilduko dira. Hori, batzordeetako kideek beraiek erabaki beharko dute. Atzoko bileran, Tokiko Gobernu Batzarrak, ostegunero egitea eta Osoko Bilkurak, hileko azken ostegunetan egitea erabaki zen. Lehen ere, hala egiten ziren.

  Udal batzorde ezberdinetako partaideak ez ezik, udal ordezkaritza duten beste erakundeetako partaideak ere izendatu ziren: San Martin egoitza, Oñatiko industrialdea, Ur jauziak, Bidebarri, Oñargi, Suradesa, Ur kontsortzioa, Zubillagako hiltegia edota, mendi nekazaritza elkartea dira horietako batzuk. Anaitze komiterako ez zen ordezkaritzarik izendatu, komite beraren etorkizuna aztertzeko bilera egin asmo baitu alkateak talde antolatzailearekin. Eta Debagoieneko Mankomunitatean, Irati Etxeberria, Nerea Zubia eta Mikel Biain izango dira Oñatiko ordezkariak. 

  Hasi berri den legealdian, bi udal ordezkari liberatu egongo dira Oñatin: Mikel Biain alkatea eta Nerea Zubia lehen alkate-ordea. Bakoitzak jasoko duen soldatan aldaketarik ez dela izango azaldu zuen alkateak, eta orain artean bezala, hilean, ia 2600 euro eta Nerea Zubiak, 1900 euro garbi jasotzen jarraituko dutela azaldu zuen.

  Udalbatzako kideek jasoko duten ordainaren inguruan, Euzko Alderdi Jeltzaleak aurreko legealdiko kopuruak igotzea eskatu zuen. Mikel Biainek, horretarako aparteko arrazoirik ez zuela ikusten erantzun zion baina proposamena aztertu eta irailerako erantzutekotan geratu zen.

Iturria: Oñati Irratia

EH Bilduko udal taldea