12 eskaera jaso dira Bidebarrieta kaleko 24an Udalak dituen hiru etxebizitza sozialetako bat alokairuan hartzeko

2016/03/31
Card image cap
Eskaerak aurkezteko epea gaur amaitzen da

  Bidebarrieta kaleko 24an Udalak alokairurako eskaini dituen hiru etxebizitzak, 2. B eta 2.D eta 3.C etxebizitzak dira. Orain okupatuta dauden arren, udazkenean hutsik geratuko dira hirurak.

  Izaera sozialeko etxebizitzak izaki, ez da alokairu preziorik zehazten eta maizterren diru sarreren arabera gerora jartzen da. Izan ere, diru sarrera urriak eta etxe premia dutenei zuzentzen baitira nagusiki era honetako eskaintzak.
Interesatuek bete beharreko oinarrizko baldintzak ohikoak dira: Oñatin  gutxienez azken 5 urtetan erroldatuta egon eta bertan bizitzea ezinbestekoa da eta horrezaz gain, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez dira izan behar. Eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatzen zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa izatea edota, desjabetzeko prozesuan egotea kontutan hartuko da. Baina orokorrean, jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremo batzuen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duten 3 eskatzaileei alokatuko zaizkie udalak Bidebarrieta 24an dituen 2.B, 2.D eta 3. C etxebizitzak.

  Orain arte 12 eskaera jaso dira udal bulegoetan baina gehiago iritsi daitezke, hartarako epea gaur eguerdian, 14.00tan beteko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!