100 urte baino gehiago izaki, eraikinaren ikuskapen teknikoa urte amaiera baino lehen egin behar dutela jakinarazten duten gutunak aste honetan hasiko dira bidaltzen.

2013/07/17
Oñatin, gutxienez mende bateko antzinatasuna duten 130 eraikin baino gehiago zerrendatu dituzte udal teknikariek.

  Eraikinen Ikuskapen Teknikoa 50 urtetik gorako eraikinek izan behar dute. Hori agintzen duen legea 2006koa den arren, Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan argitaratu zuen ikuskapen horiek egiteko epeak finkatzen dituen dekretua. Hala, 1901a baino lehenagoko etxeek aurten bertan egin behar dute ikuskapena.

  1901 eta 1940 artean eraikitakoek, datorren urte amaiera arteko epea dute inspekzioa pasatzeko eta 2015eko urte amaierara arte, berriz, 1941 eta 1965 urte artean eraikitakoek. Gerora jasotakoek, 50 urte betetzen duten urtean egin beharko dute.

  Eraikinaren ikuskapen teknikoak lau arlo aztertzen ditu: eraikinaren estalki edo teilatua, egitura, fatxadak bere elementu guztiekin eta ur instalazio komunitarioak, bai ur hornidura nahiz saneamendu instalazioak. Etxe jabeak edo bizilagun komunitateak kontratatutako arkitekto edo aparejadore batek egin behar du ikuskapen tekniko hori eta amaieran, txostena emango dio etxe jabeari. Txostena, udaletxera bidali behar da honek jaurlaritzari igorri diezaion. Hori, beti ere, txostenean zuzendu beharreko akatsik aipatzen ez bada. Konponketaren bat egin behar dela ondorioztatuz gero, honen larritasunaren arabera, ia zehaztuta dagoen epeen barruan egin beharko da. Udala arduratuko da gainera, horren jarraipena egiteaz.

  Izan ere, eraikinen ikuskapen tekniko hauen helburua, etxebizitzen parkea birgaitu eta segurtasuna bermatzea baita. Autoek ITVa pasa behar duten bezala, eraikinek EIT deritzon hau behar dute. Eraikinen ikuskapen teknikoa gainera, 10 urtean behin berritu behar da.

  Azken urteetan birgaitu diren zenbait eraikinek ikuskapen tekniko hau egina dute. Kasu horretan, ez lukete errepikatu beharko, egin zutenetik 10 urte pasa ez badira.

  Guzti hau adierazten duen idatzia prestatzen ari dira udaletxean eta aurten eraikinaren ikuskapen teknikoa egin behar duten etxe jabeei datozen egunetan bidaliko zaie. Gogoratu, 1901. urtea baino lehen eraikitako etxeak direla urte amaiera baino lehen ikuskatu behar direnak. Halako 130 baino gehiago daude Oñatin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!