10 lagun daude Arantzazu Santutegia hotelean, Osakidetzaren zaintzapean

2020/07/20
Card image cap
Covid-19a duten gaixo asintomatikoei berrogeialdia pasatzeko eskaintzen zaien lekua da

  Arantzazu Santutegia hotelean 45 gela prestatu dituzte COVID-19 gaitza asintomatikoki pasatzen ari diren herritarrentzako, bereziki atzerritik etorritako turistentzako. Abuztuaren amaierara arte emango du zerbitzu hori.

  Lehen gaixoak larunbatean etorri zirela adierazi digute hoteleko arduradunek. Zarauzko kanpinean egon ziren bi holandar jaioterrira itzuli dira dagoeneko, PCR probak negatibo emanda, itzultzeko baimena eman baitzieten osasun arduradunek. Une honetan, 10 lagun daude gela banatan isolatuta. Hoteleko langileek ez dute inolako harremanik egoiliarrekin. Iritsi aurretik gela prestatu eta gelako oinarrizko garbitasuna egiteko materiala uzten dute. Jatekoa kanpotik, catering bidez ekartzen du Osasun sailak eta hoteleko langileek gela atarian uzten diete. Gaixoak ate ondokoa hartu eta uztera bakarrik irten daitezke gelatik. Behin  gaixoak joan ondoren, orduan bai, protokolo berezi bat jarraituz gelak sakonki garbitzen dituzte hoteleko langileek.

  Osasun sailak mediku eta erizain bana jarri ditu hotelean ostatu hartu duten gaixo asintomatikoak zaintzen. Etxean berrogeialdia pasatzeko zailtasunak dituzten edo turismoa eginez Euskal Herrian dauden gaixo asintomatikoei eskaintzen zaien bitartekoa da Arantzazu Santutegia hotelean geratzea. Aurrez, Derioko seminarioa izan zenekoa ere antzeko zerbitzua emateko prestatu zuen Osasun Sailak.

  Arantzazu Santutegia hoteleko instalazioak ostiralean ireki ziren. Taberna eta jatetxea publiko orokorrari zabalik dago eta  bertako arduradunek kudeatzen dute, betiko moduan, eta hotela berriz, Osasun sailak, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!