turismoa

Debagoieneko 18. jardunaldi gastronomikoak asteburuan hasi eta abenduaren 14ra arte luzatuko dira.

2014/10/17
Card image cap
Egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko 7 jatetxetan, garaiko eta tokiko produktuez osatutako menu bereziak aurkituko ditugu.

  Elgetako Maialde, Arrasateko Santa Ana eta Hilarion eta Bergarako Lasa jatetxeekin batera Oñatiko hiru etxek: Goiko Bentak, Torre Zumeltzegik eta Etxe Aundik parte hartzen dute Mankomunitatearekin batera antolatu diren XVIII. Jardunaldi Gastronomiko hauetan.

 Udazkeneko jardunaldi hauetan promozionatuko diren produktuak: onddoak, bakalaua eta sagarra dira. Jatetxeek hiru produktu horiek erabiliko dituzte abenduaren 14ra arte eskainiko dituzten menu berezietan. Horixe baita 2009an abian jarri zen ekimen honen ezaugarria: garaiko eta tokiko produktuak indarrean jarri eta ezagutzera ematea.

  Baina izango da besterik. Aurreko jardunaldietan bezala sukaldaritza tailerrak egingo dira Arrasateko Hipereroskin eta baita jatetxeetako sukaldeetan ere: udazkeneko platerak, zizka mizkak, moxal okelarekin errezetak, garaiko ehiza eta Gabonetako postreak nola prestatu erakusteko sukaldaritza tailerrak egingo dira. Hauetan parte hartu ahal izateko izena aurrez eman behar da. Baita, produktu ekologikoak lantzen dituzten baserrietara bisitan joateko ere.

  Horrezaz gain, hitzaldiak eta degustazioak ere egingo dira. Hara nola, Bergarako tostoi eta errelleno artisauen aurkezpen-dastaketa egingo da azaroaren 29an Bergaran eta abenduaren 2an berriz, Eskoriatzan, “sukaldaritzan garapen iraunkorreko oinarriak” izaneko hitzaldia emango da.

  Jardunaldi gastronomiko hauen helburua, udazkenean eta gure inguru honetan landu eta  sortzen diren elikagai eta produktuak ezagutzera eman eta promozionatzea baita, esan bezala.

  Gertatu den programazioaren informazio osatua, mankomunitateko turismo zerbitzuko web atarian ikusgai dago.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!