Oñatiko udala

TECUNI S.A enpresak egingo ditu Foruen enparantzako argiteria ordezkatze eta udaletxean argiztapen apaingarria jartzeko lanak

2026/10/30
Card image cap
Esleipen kontratua astean sinatu da

  Esleitu berri diren lanen xedea da Foruen enparantzako argiteria publikoaren eta udaletxeko fatxadaren kanpo-azgiztapeneko ekipoen ordez energia efizientzia handiagoko LED teknologiako argiak hornitu, instalatu eta martxan jartzea eta, baita ere, argiztapen apaingarrirako erregulazio eta kontrol- sistema hornitu eta ezartzea. Kontratatu diren argindar lanak beraz, bi eremutan banatzen dira: batetik, udaletxeko fatxadako argiztapen apaingarria, erregulazio kromatikoko eta telekudeaketako sistemarekin, eta, bestetik, Foruen enparantzako argiteria funtzionala, oinezkoen erabilerara egokitutako LED argien bidez. Udaletxeko fatxadak argiztatuko duten fokoek argi zuria zein koloretakoa proiektatzeko aukera eskainiko dute.

  Bi enpresa aurkeztu ziren udalak deitutako prozedura baina bat kanpoan utzi zen, ez baitzuen sektore publikoko lizitatzaileen eta enpresa sailkatuen erregistro ofizialik. Bestearen eskaintza aztertuta, Udalak zehaztutako oinarrietara egokitzen zela ziurtatu zen eta bere aldeko esleipena egin da Alkate dekretuz. TECUNI S.A Ortuellako enpresak egingo ditu plazako argiteria berria eta udaletxeko argiztapen apaingarriko lanak, 46.633 eurotan, hau da, udalak finkatutako gehienezko aurrekontua baino 13.300 euro merkeago. Lanak egiteko sei hilabeteko epea izango du eta oinarrietan zehaztutako berme epea 10 urtera luzatuta. Lanen kontratua atzo bertan sinatu zen, beraz, datorren urteko udaberri hasierarako edo amaituta izatea espero da.

  Foruen enparantzako egungo instalazioen ordez energia-kontsumo txikiagoko eta errendimendu handiagoko LED argiztapen sistema ezarriko da eta indarrean dauden arau-teknikoak eta efizientzia irizpideak betetzen direla bermatuko da. Gainera, udaletxea argiztatzeko sistema berezia jarriko da, egunaren arabera, koloreztatu ahal izateko. Horretarako telekudeaketa-sistema ezarriko da, argiztapen apaingarriaren pizte, itzaltze eta kolore-eszenen programazioa modu zentralizatu eta eraginkorrean kontrolatzeko. Udaletxeko fatxadaren argiztapen apaingarria berritu eta hobetuko da, ondare historikoa balioan jarri eta egun jakinetan kolore bereizgarriz argiztatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!