Scape room lehiaketa abiatu du Txanda elkarteak, 15-25 urte bitarteko gazteei zuzenduta

Txandaren Scape room erronka-lehiaketa uztailaren 12ra arte luzatuko da. Bitarte horretan, herriko 27 saltokitan gorde diren ezkutuko pistak topatu eta balioztatu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehenik, dena den, bete beharreko pasaportea eskuratu beharko dute Txandako dendetan. Pasaportea ongi osatuta aurkezten duen lehen gazteak 500 euroko erosketa txartela irabaziko du, beste asmatzaileen artean 200 euroko 10 sari zozkatuko dira. Beraz, 15-25 urte arteko gazteentzat propio antolatu den promozio honetan, saritan, 2.500 euro banatuko ditu Txandak.
Jolasa osatzeko pasaportea eskuratu beharko dute gazteek denda batean –ez dute erosketarik egin behar hortarako–, eta bertan adierazten diren 27 saltokietatik pasa beharko dira ezkutuko pistak aurkitu eta horiek balioztatzeko. Pasaporteko mezua osatu beharko dute eta falta diren hitzak ateratzeko pistak Txandako komertzioetan aurkitzen dira. Pasaportean QR kode bat dago eta bertan agertzen dira parte hartzen duten denda guztiak. Pasaportean denda bakoitzak bere tokia dauka eta soluzioa pasaportean dagoen esaldiko hutsunetan idatzi beharko da, uztailaren 12a, 13.00ak baino lehen, Aranburu Margoak dendan entregatuz. Asmatzaileen artean zozketa uztailaren 14an egingo da eta irabazleei telefonoz edo posta elektronikoz abisatuko zaie. Sari banaketa uztailaren 15ean egingo da, San Juan kaleko 5ean, 20:15etan.
Gazteek elkarteko dendak eta bertan saltzen diren produktuak ezagutzea da jokoaren helburua, komertzio txikiaren garrantziaz jabetu daitezen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!