Oñatiko udala

Parrokiako erromesaldia berreskuratuta eta meza nagusia Unai Manterola bikarioak zuzenduta, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna bihar

2022/09/08
Card image cap
Hainbat herritar Arantzazun, 2021eko irailaren 9an
Gipuzkoan jai eguna da eta autobus zerbitzua indartu egingo da

  Covid-ak eragindako murrizketak atzean utzita ohiko ospakizunak izango dira bihar Arantzazuko Santutegian. Hori bai, zenbait aurpegi berri ikusiko dira agintari eta herritarrei harrera egiten. Oñatiko erromesaldia berreskuratuko da, bi urteko etenaren ondoren, eta 7:00tan abiatuko da Parrokiatik. Frantziskotarrekin bat 8:00tan egingo du Zapatan eta handik gora otoitzean joango dira.  Juan Migel Dorronsoro guardiano berriak egingo die ongi-etorria. Erromesen meza 10:00tan ospatuko da.

  Beste bi meza izango dira bihar Arantzazun, 12:00tan eta 19:30tan. 12:00tako meza nagusia Unai Manterola bikarioak gidatuko du, Gipuzkoa gotzainik gabe dagoelako oraindik. Elizan ez da aforo mugarik izango, aurreko bi urteetan ez bezala, baina lehen ilarak agintarientzat gordeko dira. Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako buruak etorriko direla baieztatu dute baina litekeena da Eusko Jaurlaritza edo Foru Aldunditik beste ordezkari batzuk etortzea. Udal ordezkariak ere izango dira, frantziskotarrekin batera harrera egiten.

  Bihar Gipuzkoan jai egun ofiziala da, San Inazio eguna domekarekin etorri zelako, eta horrek, ohikoa baino jende gehiago erakartzea espero da.
Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da eta uztailaren 31n bezala bi autobus handi ibiliko dira, ordu erdiroko maiztasunez gora eta behera. Geltokiak txandakatu egingo dira eta batek San Lorentzo-Kalegoiena eta postetxe geltokiak beteko ditu eta besteak alderantzizko norabidean, geltoki guztietara doazen bidaiariei zerbitzua egoki eman ahal izateko. Arantzazuko aparkalekua betetzen denean errepidea itxi egingo da. Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da eta Santutegi aurrealdeko aparkalekua elbarri eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da.

  Meza ostean ez da Oñatiko Musika Bandaren kontzerturik izango aurten, zuzendariak adierazi digunez. Dantzariak bai, aurreskua eskainiko diete datozen agintariei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!