Oñatiko udala

Ostalaritzako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko ordenantzak onartu aurreko Kontsulta Publikoak abian dira

2018/07/06
Card image cap
Ekarpenak egiteko epea hilaren 20an amaituko da

  Udal ordenantza edo arautegien lanketa prozesuan herritarren parte hartzea sustatzeko asmoz, udalek aurrerantzean bete beharko duten urratsa da Kontsulta Publikoarena. Arautegiaren zergatia eta helburuak azaltzeaz gain, horren inguruko iritzia emateko aukera izango dute herritarrek 15 lanegunez. Gero, arautegia behin behineko izaeraz onartu ondoren, helegiteak aurkezteko epea ere egongo da, orain arte bezala. Une honetan, ostalaritzako establezimenduen jarduna eta etxez etxeko laguntza zerbitzua arautuko duen duten ordenantzak berritzeko asmoa du udalak, eta, beraz, gai horien inguruan herritarrek ekarpenak egiteko epea ireki da. Udalaren webgunean egokitu den atalean edo, idatziz, udaletxeko erregistroan egin daitezke ekarpenak, uztailaren 20rarte.

  1993an onartu zuen udalak ostalaritza jardueretan arituko diren establezimenduak jartzeko ordenantza. Hainbat aldaketa eta egokitze egin diren arren, araudia zaharkituta dago eta horregatik, guztiz berria izango den ordenantza egitea erabaki du gobernu taldeak. Ostalaritza establezimendu orok jarduera ezartzeko eta garatzeko bete beharreko baldintzak zehaztuko dira eta aldi berean, herritarren eskubideak bermatzeko oinarriak jasoko dira.  Egungo ordenantzak ez ditu barne hartzen ordutegi eta jarduketei dagokienez aurkitu diren zenbait egoera, eta arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa zaharkituta dago. Segurtasun juridiko handiagoa eskaini eta prozedura bermatuko duen arautegi berria egingo da.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagokionean ere, berrituaz joan diren legedi eta araudietara egokituko den ordenantza berria osatu nahi du udalak. Helburua, zerbitzuaz baliatzeko jarraitu beharreko prozedura zehaztea eta zerbitzua bera definitzea da, hau da, zerbitzuan sartzen dena zein sartzen ez dena adieraztea. 
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!