Oñatiko udalak, kontratu publikoetan hizkuntza irizpideak sistematikoki txertatuko ditu eta betetzen direla ziurtatzeko jarraipen lana egingo du.

2013/01/31
Gipuzkoako 36 udalek elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute.

  Oñatiko udalarentzat ez da berria kontratazio baldintzetan hizkuntza irizpideak jartzea. Urteetako prozedura izan da. Baina ez kontratu guztietan eta sistematikoki. Ezta, atzo adostu zen alor guztietan ere.

  Orain arte, eta zenbait kasutan, kontratatu den enpresako langileen hizkuntza gaitasuna zehaztu izan da, etxez etxekako zerbitzuan edota gaztelekuan, esaterako. Hizkuntza paisaia baldintzak ere jarri izan dira, hara nola, errotuloak edota esku orriak euskaraz izan daitezen bermatzeko. Baina Gipuzkoako 36 udalek elkarlanean aritzeko hartu duten konpromisoa haratago doa.

  Kontratazio baldintzetan txertatuko diren hizkuntza irizpideak bost alor ukituko dituzte: zerbitzuko hizkuntza zein den, zerbitzuko kontratuetan enpresako langileei zer hizkuntz gaitasun eskatuko zaien, hizkuntza paisaiak nolakoa izan beharko duen, herritarrei harrera nola egingo zaien eta erakundeekin zer hizkuntza erabiliko duten. Hori oinarri gisara harturik, udal bakoitzaren eta kontratu bakoitzaren izaeraren esku utziko da atal  bakoitza nola arautu.

  Baina aurrerantzean, halakoak modu sistematiko batean txertatuko dira udalak egiten dituen kontratazio guztietan eta garrantzitsuena, betetzen direla ziurtatzeko jarraipena egingo da. Horretarako, urte akaberan, konpromisoa hitzartu duten udal ordezkariak berriro elkartuko dira jarraipen lan hori kontrastatzeko.

  Enpresen jardunari begira ere garrantzitsua da hizkuntza irizpideak bateratu eta udal ezberdinek beren kontratu baldintzetan txertatzea. Guztietan berdin edo paretsu jokatzen dela jakinik, euren eguneroko jardun eta eskaintzetan ere, edozein herritara doazelarik baldintza berdinak bete beharko dituztelako.

  Diputazioak ireki zuen kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatzeko bidea eta orain, lurraldeko 36 udalek hala egitea erabaki dute. Helburua, apurka-apurka ekimenarekin udal gehiagok bat egitea da. Jokaera honek, euskararen normalkuntzarako lagungarria izango dela uste dute udal ordezkariek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!